Jabi Arakama: “Helduen euskalduntzean doakotasunera iritsi nahi dugu legealdi honetan”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko ira. 18a, 12:18

Nafarroako Gobernuak D ereduko eskaera guztiari erantzunen diola iragarri du Euskarabideko zuzendari berriak.

Jabi Arakama garestarra da eta Enpresen Kudeaketa eta Zientzia Politikoak ikasi ditu. Bigarren Hezkuntzako irakasle moduan lan egindakoa da. Joan den legealdian, Geroa Baiko parlamentaria izan zen. Abuztuaren 31n, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile izendatu zuten. Bera izan da Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioko denboraldiko lehen elkarrizketatua.

Euskaltegietan, doakotasunerantz

“Doakotasuna gertuago dago, azken urteotan egin den lanari esker. Baina oraindik gehiago egin daiteke. Legealdi honetan saiatuko gara lortzen helduentzat euskara ikastea doakoa izatea, tasak soilik ordaindu behar izatea”, hala mintzatu da Arakama Irrintzi dorreko estudioetan.

Euskarabideko buruak helduen euskalduntzean konpondu beharreko beste auzi bat dagoela nabarmendu du: “Oraindik lan handia egin behar da sektoreko langileen baldintzak hobetzeko. Prekarietatean bizi izan dira urte askoz. Baldintzak hobetu dira, baina oraindik badago zeregina”.

D ereduan eskaera guztia onartuko da

Hezkuntzari dagokionez, iragan legealdian Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak oztopoak jarri zizkien zenbait herritan zabaldu nahi izan zituzten D ereduko lerroei. “Oztopoak desagertzea espero dugu eta hori sinatu dugu”, azaldu du Arakamak, PSNrekin eta ZUrekin Nafarroarekin sinaturiko akordio programatikoa gogoan. “A eta D ereduetan eskaera guztia, gurasoek eskatutakoa beteko da”, gaineratu du: “Ikusi dugu zer gertatu den Lezkairun. Ikusi dugu eskaera hori erraztu edo zaildu daitezkeela. Gure borondatea ahalik eta gehien erraztea da. Kostata, baina Mendigorriako eta Larragako D ereduak atera ziren. Leringoa, ordea, ez. Hori benetan bermatu ahal izateko ahal den guztia eginen dugu”.

Halaber, azaldu du ikastetxe publikoan D eredua duten herrietan automatikoki institutuan D ereduko lerroa zabalduko dela, adibidez, Tafallan eta Lodosan. “Etorkizunean, demagun Tuteran, hori bera gertatzen bada, lerroa zabalduko da institutuan”, iruzkindu du.

Euskara baloratuko da eremu mistoan

“Laster euskara baloratzen hasiko da eremu mistoan, oposizio lehiaketetan, eta horrek eragin handia izanen du Osasunbidean batez ere”, iragarri du Euskarabideko zuzendariak. “Guretzat oso mingarria da eta ulertezina eremu ez euskalduna kanpoan geratzea”, gaineratu du.

Arakamaren arabera, sarri Nafarroako Gobernuko departamentuetako euskara planak aplikatuko dira: “Hala esan digute, eta hori egiten bada euskarazko arreta Nafarroako Gobernuan nabarmen handituko da”.

Zonifikazioa, parlamentuan eztabaidagai

Parlamentuak Euskararen Legea aztertzeko aukera aurreikusten du akordio programatikoak. “Zonifikazioaren amaieraren aldarrikapena parlamentura eramanen dugu, eskubide kontua delako, justua delako. Orain arte ez da gehiengorik egon Parlamentuan. 20 eserlekua kontra egon ziren. Bere garaian Izquierda Ezkerra ere kontra egon zen. Orain ez dakit non dauden. Alderdi sozialista da gehien bat konbentzitu behar duguna. Aukera egonen da konbentzitzen saiatzeko”, azaldu du Euskarabideko buruak.  

“Gustatuko litzaidake gero eta nafar gehiagok ikustea euskara bizikidetza eta batasun elementu gisa. Euskararen sustapenarekiko jarrerari dagokionez, hiru jarrera daude: aurkakoak, aldekoak eta ez axolak. Hiru heren dira, gutxi gorabehera. Gustatuko litzaidake kontrakoen taldea murriztea eta ez axolen artean hainbat aldeko bihurtzea. Ahal dugun guztia eginen dugu”, gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!