Anika Lujan Martinez izan zen maiatzeko udal hauteskundeetan Tuterako alkatetzarako hautagai Geroa Bairen aldetik. Tuterako Argia ikastolako eta irakasle, Nafarroaren ahotsa Madrilera eramateko, Geroa Bairen senaturako zerrendan aurkeztuko da Lujan.
Dagoeneko senatuan izandakoa da, epealdi labur batez, sei hilabetez zehazki. Cambio-Aldaketa (Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos) hautagaitza bateratuaren izenean hautatu zuten herritarrek senatari.
Tuterako festen bezperan bozkatuko dute herritarrek eta hori “ohi baino arraroagoa” izanen dela azaldu du Lujanek. Bertan biziko du hauteskunde gau “desberdina”, Tuteran izanen da biharamunean festarako “prest egoteko”.
2015eko abenduan izan zen senatari, Uxue Barkos presidente hautatua izan ostean. Aldaketaren indarrek bat egin zuten eta Cambio-Aldaketa aurkeztu zuten, Anika Lujan hautatu zutelarik herritarrek. Hauteskunde horien ostean ez zen Madrilen Gobernurik osatu eta legegintzaldi laburra izan zen. 2016ko ekainean errepikatu ziren hauteskundeak eta orduan formula ez zuten errepikatu aldaketaren indarrek.
Azkeneko legegintzaldian Nafarroatik diputatu izan direnen aurka egin du: “Azkeneko urteetan Nafarroa ez da egon”. Aldiz Geroa Bai “Gorteetan izan denean Nafarroak ahots zuzenea izan du” azpimarratu du, eta “hori berreskuratu nahi dugu” berretsi du.
Senatua “behar bezala baloratzen ez den Ganbera” dela azaldu du, “ziur aski ez duelako behar bezala funtzionatzen”. Berez Lurralde Ganbera dela azaldu du, “lurraldeei ordezkaritza eman beharko lieke” baina “bigarren irakurketaren Ganbera bihurtu da”.
Inkestek diotenaren aurrean “topikoa izan arren, benetako inkesta igandekoa izango da” zehaztu du eta azpimarratu: “maiatzean lortutako boto kopuruarekin Maria Solana diputatu izanen da”.