Entzutekoak

Joseba Asiron: "Festan zorionez herritarren erritmoa gailendu da probokazioen aurrean, baina gogoeta egin beharko dugu gero"

Euskalerria Irratia 2023ko uzt. 10a, 13:22

Festaz gozatzeko eta arnas pixkat hartzeko tartea izan du EH Bilduren zinegotziak. 

Lasai bizi du festa Joseba Asironek. Agendak uzten dituen hutsuneetatik saiatzen da ohikoei heltzea senide eta lagunekin festaz gozatzeko.

Festek iraun bitartean  egun bat hartu zuen atseden eta Zarautzera egin zuen bisita, hiria jendez lepo zegoela aprobetxatuta.

Uztailaren 6 eta 7ko une esanguratsuenak (Txupinazoa eta Kuria kaleko tartea) normaltasunean igaro direla txalotu du “hiriak eta festak bere erritmoari eutsi baitiote” nahiz eta “detailetxo” batzuk egon baitziren “zuzendu beharrekoak”.

Festetan zehar izandako sexu erasoen inguruan penatuta azaldu da “giro ona izorratzen dutelako” batzuek eta “jai ereduari” zerbait falta zaiola uste du “Sanferminak benetan jai hoberenak izan daitezen”, “emakumeak seguru senti daitezen”.

Zehaztu du arazoa ez dela “hiriarena, Iruñarena baizik eta jai ereduarena”. Udalbatza “hiritarren ondoan izanen da” eta “mugimendu feministaren atzean”.

Erasoen aurrean alkatetzak igorritako mezuari dagokionean, hauek publiko egitea hiria zikintzen dutela esatean, “miserablea” dela kritikatu du Asironek eta gogorarazi “Manadaren gertakarietan ere” haiei leporatu zietela “salaketa publiko eta irmoa egitea”.

Jai herrikoiei jarritako oztopoen aurrean “jendeari zoriondu” behar zaiola esan du erantzuna “eredugarria izan delako”. Eta horrelako erabakiak hartuta “errenta politikoa atera nahi dutenei zer lortu nahi duten galdetuko nieke” esan du Asironek. “Zer lortu nahi du Cristina Ibarrolak oztopo guzti horeik jartzen?” galdetu du. Horretaz hitz egin beharko dela azpimarratu du.

Gogora ekarri du “orain urtebete eraiki zuten zerritegia”, tabernen barrak bertara eramanez, eta horretaz ere oraindik “gogoetarik ez da egin” deitoratu du.

Hauteskunde kanpaina ere izan du aipagai, eta “benetan zaila iruditzen zaio halako bat festetan garatzea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!