Bel Pozueta, 2019 eta 2023 artean EH Bilduren diputatu Madrilgo parlamentuan eta uztailaren 23ko Espainiako Hauteskunde Orokorretan Nafarroan berriro zerrendaburu izanen dena Metropoli Foralean izan da.
Hauteskunde kanpainari begira “ilusioz eta gogotsu” azaldu da Pozueta. Ia aho bateko berrespena jaso du militantziaren partetik (%97). Altsasuarrak nabarmendu du “arrazoi desberdinak” daudela “Madrilera bueltatzeko”. Nabarmendu du “gauza asko” egin dituztela abertzaleen parlamentuko taldetik, baina “ongi amaitzeko zintzilik geratu direnak” badaudela “ere bai”.
Alde batetik, horregatik izan du zerrendaburu gisa errepikatzeko gogoa eta bestetik “EH Bildun gaudenok ardura hartzen dugulako” boto emaileekin, “ez da soilik postu bat, egin beharra ere badago, eta zerrendaburu izateak ere militantzia puntu bat du” azpimarratu du.
Hauteskunde Orokorrak aurreratuta, “ikusten nuen norbait atera behar zela eta dagoeneko bidea ikasita” aurrera egitea erabaki zuen Pozuetak.
2019-2023 legegintzaldia
Lehendabiziko legegintzaldi honi dagokionean aitortu du “nire lanagatik denbora gutxi” ematen zuela etxean, “goiz batean Legazpin nengoen eta arratsaldez Lizarran”. Hori dela eta bere bizimodua “ez da asko aldatu, lau urte hauetan zehar hiru egunez” izan baita Madrilen eta lau Altsasun.
Jardun politikoari dagokionean nabarmendu du 2019tik “esanguratsua” izan dela “eskubiari aurre egitea eta gobernutik kanpo mantentzea”. Hortuk abiatuta “bideratu ditugu legeak PSOEri presionatu ostean eta ahalik eta gehien gure mesedera moldatzen lortu dugu” nahiz eta batzuetan “zaila” izan dela aitortu duen. Orokorrean hala ere EH Bilduren diputatuaren balorazioa “positiboa da baina gehiago egin daitekeela uste dugu”.
PSOErekin egindako elkarlana ere modu positiboan baloratu du. Azaldu du “hasieran gehiago kostatzen zen elkar ezagutu behar genuelako” baina gero “behin ezagututa, gauzak errazagoak” izan direla. Bel Pozuetaren ustez “PSOEk ikusi du guk hitzartutakoa bete dugula eta horri balioa eman diote”.
Lorpenak
PSOErekiko gerturatze horretan “EH Bildun denok (militantziak ere) ikusi dugu merezi zuela eta asmatu dugula”. Aitortu du erabaki batzuetan alderdiaren barruan ere une “kritikoak” izan direla baina horietan ere “gehiengoak aurrera egiteko” hitza eman ziela.
Bideratutako legeez azpimarratu du “ezkerreko politikak egitea funtsezkoa” izan dela, “jendearen bizimodua hobe egiteko”. Hainbat legeri bidea eman diote PSOE eta Podemosen gobernuarekin batera.
Bestalde euskal presoen afera egon da aurten mahaigainean eta hori “erronka zen” aitortu du. “Ia legegintzaldiaren amaieran lortu dugu” dispertsioari amaiera ematea, “kostatu da sufrimenduarekin amaitzea” baina “elkarbizitzarako gakoa zen, gainditu gabeko zerbait baitzen” zehaztu du. Hori agerian geratu dela uste du egun “preso eta senideei erreparatuta, ikusita nola bizi diren orain, lortu dugu hori gainditzea”.
Beste arlo batzuetan izandako lorpen gisa “memoria historikoaren arloan Ezkabako Gotorlekua Memoriaren Leku izendatzea lortzea izan da lorpen nagusia” eta horrekin batera Nafarroarentzako Trafiko Eskuduntza bideratzea.
Hori “urtez izan da mahai gainean, baina borondate politiko eskasa zegoen” kritikatu du. Aurten, “aurrekontuen negoziazioan lortu dugu hori ere eta heldu den hilabetetik garatzen hasiko da eskuduntza” gogorarazi du Pozuetak.
Eskuina
Lorpen horiek guztiak aitortuta, eskuinak EH Bildu baliatuta PSOE eta Podemosen gobernuari zilegitasun kentzeko erabilitako diskurtsoaz argi mintzatu da: “askotan esaten dugu eskuin mediatikoak eta eskubiak nola erabili duten gaia, eta ahalegindu diren hori hauspotzen”.
Hala ere “jendeak hemen ikusi dugu nor garen, zer garen, nola jokatzen dugun”. “Mamu hori” elikatzea “Espainian baliogarria da baina hemen ez” adierazi du EH Bilduren zerrendaburuak eta ohartarazi “joku zikina eta lokatzan aritzeko estrategia” dela eskuinak darabilena, “benetako politikaz ez hitz egiteko, jendeari interesatzen zaionaz ez hitz egiteko”.
Maiatzeko hauteskundeen atarian ETArekin harremana zutelakoan epaitutako kideak zerrendetan txertatzearen harira, Bel Pozuetak adierazi du “sortu dutena” izan dela “EH Bildu lotzen ahalegintzea lehengo historiarekin”. “Aurreko hauteskundeetan ere”, gogorarazi du, “zerrendak ongi begiratuta” bazeudela “antzeko izenak” eta ez zela “ezer esan”. Horregatik deitoratu du “oraingoan” gaia atera dela “eztabaida lokatzera bueltatzearren”.
Nafarroa
Gaur eguerdian Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk eta PSNk eginiko bileraren haria “protokolo bilera dela esaten badu PSNk badaki hau dela antzerkia” nabarmendu du. “Haiek badakite gurekin hitz egiten dutela hemen eta Madrilen” gaineratu du. “Lau urtez ibili gara horrela eta ildo honetatik jarraitzea normaltasunez hartu beharko genuke” azpimarratu du. Hortik aurrera, eta bere jardunari dagokionean honakoa gogorarazi du: “Sanchezek Madrilgo gobernuan agintean jarraitzen badu gu determinante izango gara berriro”.
Azken momentua arte eta “itxaropentsu” azaldu da aldiz Iruñeko alkatetzari dagokionean, “pentsatzen Joseba Asiron alkate izango dela”. Asiron izan da “indar aurrerakoien artean bozkatuena, etikoki hari dagokio alkate izatea” nabarmendu du eta beraz “beste batzuek ez badute hala ikusten galdetu beharko zaie zer eginen duten azkenean”.
Azkenean PSNk betoa mantenduko balu eta alkate Ibarrola balitz, horrek Nafarroako parlamentuaren eraketa nola baldintzatuko lukeen argitzeko, Bel Pozuetak gogorarazi du “udalen eraketaren ondoren” izango direla “hauteskunde orokorrak eta ondoren” eratuko dela parlamentua, beraz “gauza asko pasa behar dira aurretik”.
Eta udalaren eraketara itzulita “hirugarren biderik”, atzokoan Asironek zehaztutakoari helduz, ez du ulertzen Pozuetak, “Joseba Asironek jaso zuen botoen %27a eta hari dagokio bloke aurrerakoia osatzea”.
Estatuko ezkerra
Podemos eta Sumar alderdien arteko borrokan ezker estatalistaren panorama “itsusia” da EH Billduko kidearen aburuz. Kritiko azaldu da alderdi horien bozeramaileek ematen duten irudiarekiko: “ez dakit kontuan hartzen duten zaindu beharreko komunitatea dutela atzean” eta “ilusioa sortu behar dutela”. Altsasuarraren ustez ez dira “ahalegintzen ari hori egiten”. Horrek EH Bildu eta ERC bezalako alderdiei mesede egin diezaiekeela iritzio dio “Euskal Herrian eta Katalunian uste dut beste indar aurrerakoi bat izan ditzaketela haien boto emaileek buruan, indar serioagoak, ezkerrekoak eta aurrerakoiak”.
PSOEren ezkerrera dauden indarren arteko borrokarekin jarraituz Irene Monteroren betoari dagokionean jarduneko ministroari bere “sostengua” emango liokeela esan du, “emakume ausarta eta indartsua” delako. Uste du eskuinaren diskurtsoaren “biktima” izan dela Montero, eta Sumarrek ezarritako betoa “pairatutako jazarpenetik” datorrela, “hedabideek haren kontra eragindako jarrerarengatik, eskuinak haren kontra egindakoengatik”. Horregatik kritiko agertu da, jarrera hori “hedabideek eta eskuinak” sortu dutelako eta “horretan betoa oinarritzea ez dut konpartitzen”.
“Eskuinak lege aurrerakoiak lotzen ditu feminismoarekin” eta “gure lana” deslegitimatzeko ahalegina egin dituela ohartarazi du Pozuetak: “feminismoaren arima ezkerrarena ez dela leporatzen digute, baina emakumeen eskubideak ezkerretik babesten ez baditugu, nork egingo du?”.
Berdintasun Ministerioa kentzeko mehatxua PPren estrategiaren barruan kokatu du: “eskuinak badaki ezin duela kendu, uste dut Voxi aldarri hori kendu nahi diotela, baina ez direla ausartuko”.
Hauteskundeen aurrerapenera itzulita “hasieran bertigoa” izan zuela aitortu du, baina denborarekin ikusita “logikoa” ikusten du, “eskuinaren diskurtsoari indarra kentzeko, imaginario hori ez elikatzeko”.
Hala ere, hedabideek egindako irakurketarekin ez dator bat, EH Bilduren hautagaiaren ustez “markoa ez da eskuinmuturra edo Sanchez, baizik eta eskuin muturra edo gu”. Berretsi du aurretik errepikatutako ideia: “indar ezkertiar eta subiranistak berriro ere determinanteak izango gara eta garrantzitsua da indartsu ateratzea, Pedro Sanchezen politiketan eragiteko, horiek baldintzatzeko”.
Hauteskundeak uda erdian izatea ez du erabat onuragarri ikusten “abstentzioa handia” izango dela aurreikusten delako baina “arduraz jokatu behar dugu” ohartarazi du. “Eskuinaren mehatxua horren hurbil edukita hesia eraiki behar da horri aurre egiteko eta ahalegindu, horretan, EH Bildu determinante izatea” gaineratu du. Abertzaleen koalizioa “erabakigarri” izan dadin “talde parlamentarioa mantentzea funtsezkoa” izango da bere ustez eta “horretarako %15aren langa gainditu behar dugu”. Horregatik dei egin du “boto aurrerakoi, feminista eta euskaltzalea” pilatzera.
Azkenik ez ohiko sasoian izanik “kanpaina komunikazioko profesionalentzat erronka” izango dela iritzi dio Bel Pozuetak, “jendearen txipa nola aldatu jaia eta diskurtso politikoaren artean, hor ere botoa erakartzen ahalegintzeko”.