M28 udal eta foru hauteskundeak

Maria Solana: “Parlamentuko presidentetza ez da PSNrena, haiek ez digute ezer oparitu”

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 7a, 10:58

Legegintzaldi berriko Nafarroako Gobernua osatzeko Geroa Bairen negoziazio taldeko kideak nabarmendu du “inbestiduraren blokea” mantendu nahi duela koalizioak eta PSNri eskatu diotela “EH Bildu prozesu horren parte” izatea.

Maria Solana Geroa Baiko kide eta parlamentari izan da Metropoli Foralean. Legegintzaldi berriko Gobernua osatzeko bileretan parte hartzen ari da EAJren Napar Buru Batzarreko kidea.
Maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean bi bilera egin dituzte dagoeneko PSNk eta Geroa Baik, eta atzokoan, bigarrenean Nafarroako Parlamentuko hurrengo presidentzia adostu zuten. Askok uste baino lehenago. Zentzu horretan Solanak aitortu du “negoziazioetara beti sorpresara irekita” joan beharra dagoela.


Negoziazioa


Maria Txibite eta Uxue Barkosek atzo egin bezal, “pozik” azaldu da atzoko bileraren ostean baina Sarasate pasealekuko alderdiaren jarrera kritikatu du: “ez zaigu gustatzen nola saldu nahi duen PSN negoziazioa”. Koalizioaren kidearen ustez “lorpenak ez dira garaikur gisa saldu behar”, eta Geroa baik bilatzen duena da “negoziazio prozesu iraunkor, zirkular, bat”.
Negoziazio prozesuak “urrats desberdinak” dituela zehaztu du eta eskatu “negoziazioak integralagoa” izan behar duela. Hori dela eta Geroa Bai “gobernua eratze aldera kide” izan behar bada, Solanak nabarmendu du “gobernukide baten tamainako banaketa merezi” duela.
Txibiteren alderdiaren jarreraz kritikatu du “PSNk beti” duela “foko mediatikoa haiengan jarrita” eta “hala nahi du”. Bere ustez ez dira egokiak jarduneko presidenteak atzo erabilitako hitzak, “esan baitzuen laga duela parlamentuko presidentzia, baina beraiek ez dute eskutan eta ez dagokie berez”. Gaurko elkarrizketan argi utzi nahi izan du Maria Solanak presidentzia ez dela “inorena, izatekotan egun burua nor den esanen dugu”, gogora ekarrita egungo presidente Unai Hualde dela, Geroa Baiko kidea.
Solanari ez zaio gustatu PSNk atzoko aurrerapausoa azaltzeko modua: “ezin da esan inork ezer oparitu digunik, edo kromo aldaketarik egin dugunik”.

Hurrengo pausoak


Parlamentuaren mahaiaren osaera ez dago erabat erabakita eta horren inguruan hitz egin beharko dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, baina legebiltzarraren presidentzia erabakita Gobernuaren osaerara begira ere jarri behar dira. Sozialberde eta jeltzaleek osatzen duten koaliziokok kide Maria Solanak zehaztu du “gobernu aurrerakoi eta anitza” osatu nahi dutela, “gure helburuak, Nafarroako herritarren parte handi batenaren helburuak, lortzeko”.
Parlamentuaren mahaia osatze aldera zehaztu du Geroa Baik “presidentzia lortzeko EH Bilduren aldeko botoa izatea” espero duela. “Iruditzen zaigu garrantzitsua dela babes hori lortzea” gaineratu du eta azpimarratu “guk bai” aitortu nahi diogula “EH Bilduri duen pisua, eta hori onartzearen baitan” jasotzen dela “haiekin elkartzea gauzak adosteko”.
Maria Solanak ez du nahi “duela lau urteko tentsio unea” errepikatzerik. Orduan Geroa Baik “nahi zuen EH Bildu mahaian sartzea” azaldu du eta lorpena gertatu zen “gu tematu ginelako, PSNren kontrako jarrerarekin”. Bide horretan elkarrekin joan ziren bi koalizioak eta horrek “onurak” ekarri zituela zehaztu du. 
Mahaiaren osaeran zein gobernua osatzeko EAJko kideak “espero” du “PSNk bilera egin dezala EH Bildurekin” eta uste du “batzartu beharko zirela ere” Iruñeko egoera aztertzeko: “Falta zena, UPNrekin mahai baten bueltan esertzea eta ez EH Bildurekin”. Hori iradoki omen zieten atzoko bileran Txibite eta haren kideei. 
Negoziagai zehatzez gain, astearteko bileran bi gauza utzi nahi izan zituen Geroa Baik: “batetik, PSNri ez dagokiola dena lortzea: parlamentuko presidentzia, gobernuarena” eta “PSNk ulertzea mahaia plurala eta anitza izan behar dela”.
Bere ustez hori “lortu” zuten eta Maria Solanak pentsatu nahi du “behingoz EH Bildurekin” eseriko direla eta “lortuko dugula denok, behin parlamentuaren eta udalen osaketaren ostean, Gobernu bat osatzeko esertzea”. 
Zentzu horretan berriro ere PSNren jarreraren aurka egin du: “Txibitek dio ez duela abstentzioa ez UPNrekin ez EH Bildurekin”. Baina “guk jakin nahi dugun ea duela lau urteko inbestidura blokea mantenduko den”, “guk (Geroa Bai) prozesu honetan EH Bildu nahi dugu, ez UPN, eta hala jakinarazi diogu PSNri”.
Mahaiaren osaketaren inguruan uste du ez duela zertan iazko molde berean errepikatu behar, hau da karguak ez dituztela zertan Geroa Bai, PSN, UPN eta EH Bilduren artean banatu behar azkeneko lau urteen moldean. Maria Solanaren ustez “Parlamentuaren mahaiaren osaketaren emaitza bestelakoa izan daiteke, PSNren jarreraren arabera” iradokiz “agian EH Bilduk beste posizio bat” izan dezakeela organoan. 


Ausardia


Negoziazio prozesua eta azken legegintzaldian gauza asko “egoki izan ez direnak” badaudela iritzi dio Solanak eta horiek ere atzokoan mahaigaineratu zituztela. Kanpainan “ausardia” eskatu zion PSNri Geroa Baik eta hori erakusteko “prozesu hau” une egokia izan daitekeela uste du. 
Argi du Geroa Baik ezin duela “aldaketaren gobernua gidatu, baina horren barruan zenbait dinamika martxan jartzeko gako izango gara” aldarrikatu du. Kritikatu du 2019-2023 legegintzaldiko akordio programatikoa ez dela bete eta hori dela eta “orain negoziazioa beste modu batera egin beharko dugu”. Edukiak eta horiek betetzea ziurtatu beharko dela zehaztu du.
Exekutiboa osatzerakoan Maria Solanak aitortu du “oso tristea” iruditzen zaiola “gobernuaren pisua neurtzea gainontzekoek ditugun indarren arabera”. “PSNk hamaika jarlekuak mantendu arren 5.000 boto galdu ditu” gogorarazi du, beraz “indar gutxiago du” eta “indar gutxiago du Nafarroako Gobernuak, denok galdu dugulako, Geroa Baik bi eserleku, baina Zurekin Nafarroak 8.000 boto”. 
Beraz, bere ustez “oker dabil Txibite”. Gogorarazi du “gure aurreko negoziazioa” ez zela “kuantitatiboa izan, kualitatiboa baizik”. Bestela “hamahiru kontseilaritatik ez genituzke lau izango soilik”. Nabarmendu du orduan “lehenetsi” genituela “gai, esparru eta sektore jakin batzuk”, baina negoziazioa ez zen “al peso” egin. Beraz mezu hau bidali nahi izan du Sarasate pasealekura: “ahaztu dezala Txibitek oraingo honetan orain negoziazioa al peso egitea”. 
Akordioa noiz iritsiko den ez du argi Maria Solanak: “Aurreko astean esanen nizuke (Juan Kruz) uztailaren 23ko hauteskundeen ondoren eginen zela gobernua” baina “atzoko bileraren ostean aldiz ez dakit zer esan”. 
Nabarmendu du gauzak erraztearen alde azaldu zen PSN. 
Hori dela eta, eta alderdiaren jarrerari dagokionean “ez naiz gai PSNren estrategia politikoak ulertzeko” adierazi du Solanak. “Ez genuen ulertu zergatik Maria Txibitek aurreratu zuen Parlamentuaren osaera, udalen aurretik izan zedin” egin du gogoeta, gaineratuz “ihes” egiten diotela “klabe horiek”. 
Hala ere baiko azaldu da: “badut sentsazioa nahi dutela egin guztia ahalik eta azkarrenen eta uztailaren 23a baino lehen, une honetan hori da nire sentsazioa, baina alda daiteke”. 
Gaur Geroa Bai Zurekin Nafarroarekin eseriko da eta ziurtatu du ari direla “EH Bildurekin, etengabe” harremanean, beharrezkoa ikusten dutelako “ahalik eta harreman emankorrena, gertukoena” eta hori ere “Txibiteri gogorarazi diogu”: “hark dio badirela gu baino gehiago, baina indar aurrerakoien artean abertzaleak gehiago gara eta mahaigainera ekarriko dugu behar den guztietan”.

 
Iruñea


Udalen eraketan “aurreko astean bezain gaizki” ikusten du egoera, “ez da aldaketarik egon”. PSN “ez dakigu iruzurra den ala benetan prest dagoen Koldo Martinezi botoa emateko” argitu du “baina ez zaigu irtenbide egokiena iruditzen, indar aurrerakoien artean Iruñean EH Bildu izan da bozkatuena eta hari dagokio berez alkatetza” gehitu du. Nabarmendu du Geroa Baik “indar guztiak” deitu dituela Iruñean eta “ea gai garen bide horretan bat egitera”. 
Ez du ulertzen Saizen jarrera, “dio EH Bildu ez dela aurrerakoia, ez da onargarria”. “Subiranista, independentista edo abertzale izateak zergatik uzten zaitu aurrerakoia izatetik at?”. Jarrera hori “oso espainola” dela iritzi dio Solanak. 
Azkenik, parlamentuko presidentziara itzulita zehaztu du Unai Hualde dela bere hautagaia, “zalantzarik gabe, nire faboritoa da. Unai Hualdek “oso lan ona egin du, nik uste presidente bikaina izan dela, lan fina eta zintzoa egin du eta horrek mereziko luke beste legegintzaldi bat” amaitu du. 
Heldu den astean bilduko dira berriro PSNrekin. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!