Kontseiluak bat egin du 'Sorionekuak' mobilizazioarekin

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 31a, 09:53

Herri mobilizazioa ekainaren 10ean izanen da, Iruñean. 

Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du Sorionekuak mobilizazioarekin. Bere jarduera "Euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusi" gisa aldarrikatuta, Kontseiluak ekimenari atxikimendua eman dio eta dei egin du ekainaren 10ean Iruñean eginen den mobilizazio herritarren parte hartzera eta hiriburuko kaleak betetzera.

Iragan urtarrilaren 14an Nafarroako gizarteko eta euskara sustatzea helburu duten hainbat dinamikatako lagunek aurkeztu zuten Sorionekuak, euskara nafar guztiona ekimena plazaratu zuten. Beste hainbat ekimenen artean ekainaren 10ean mobilizazio herritarra deitu dute Iruñean. Egun osoko egitaraua antolatu dute, Iruñea "ospakizun erraldoi" izan dadin. Eguneko ekintza nagusien artean kokatzen da 17:30ean Antoniutti Parketik abiatuko den manifestazioa.

Kontseiluak zehaztu du "ekimenaren bultzatzaileak euskaraz bizi nahi duten herritarrak" direla, baina "borondate hori izanik ere, egunerokoan hamaika traba aurkitzen dituztenak, besteak beste, zonifikazioaren ondorioz, Nafarroako eremu handienean bigarren mailako herritar izateraino". Hori dela eta deialdiarekin bat egitea erabaki dute, bat eginez Sorionekuak ekimeneko kideen gogoeta nagusiarekin: ardura politikoa exijitzeko garaia dela.

Ildo beretik, Kontseiluak azpimarratu du euskararen ofizialtasuna dela "nafar guztien berdintasuna bermatuko duen giltza", udaberrian eginiko manifestazioan adierazi bezala horrek, "inori eskubideak kendu baino, ez dituenari aitortzen dizkiolako".

"Iruñean euskararen aldeko taupada indartsua sentitzera gonbidatzen gaitu egitasmoak" zehaztu dute ohar bidez Kontseiluko kideek. "Eskubideak errespetatu, herritar guztien arteko berdintasuna bermatu eta harrotasuna zabaltzeko deia egiten digu" jarraitu dute haien atxikimendua azaltzeko.

Euskara bizitzeko eta gozatzeko nahi dutela nabarmentzeaz gain, "iragana baino etorkizuna" dela azpimarratu dute, eta nafar guztiena dela aldarrikatu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!