M28 udal eta foru hauteskundeak

Aurkakotasunak argiki finkatu dituzte alderdiek, kanpainaren hasieran

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko mai. 12a, 10:15

Kanpainako lehen ekitaldietan nahikoa agerian utzi dute alderdiek norekin bilatu nahi duten aurkakotasuna, erran nahi baitan norekin lehiatu nahi dituzten botoak, edota noren kontura irabazi nahi dituzten. 

Gauerdian abiatu da maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetara eramanen gaituen hauteskunde kanpaina. Nolanahi ere, alderdi gehienek arratsaldera aurreratu zituzten haien ekitaldiak.

Kanpaina honetako berrikuntza nagusia eskuinaren, Navarra Sumaren zatiketa da. Horren aitzinean, boto erabilgarria nola erakarri nahi duen argi du UPNko zerrendaburu Javier Esparzak. Haren hitzetan, bi aukera daude soilik, “sozialisten gobernu bat haren zerrendetan terroristak sartzen dituen EH Bilduren sostenguarekin osatua, ala UPNren gobernua”.

PSNko lehendakarigai Maria Txibitek enbido horri eutsio zion haren alderdiaren kanpaina hasierako ekitaldian. Lehen indarra izan nahi dutela esan eta gero, mezu zuzena bidali zien Javier Esparzaren boto emaileei: “guztien babesa eskatzen dut, baita UPN bozkatu duten eta desengainua hartu dutenena ere”.

Geroa Bairen zerrendaburu Uxue Barkosek ere hauteskundeak irabazi nahi dituela esan zuen, eta hain justu Txibite eta haren alderdia jarri zituen bere kritiken jo puntuan, esanez Nafarroak Ferrazen eta Moncloaren eraginpetik aterako den gobernu ausarta behar duela. Xede horrekin, Geroa Bai egiten ari den lana azpimarratu zuen: “sutsua, berezia, gure gizartera ongizatea ekartzeko lana. Horretaz benetan harro nago”.

EH Bilduren lehendakarigai Laura Aznalek aurkakotasuna eskuinarekin bilatu zuen, iragarriz beren esku dagoen guztia eginen dutela erakunde bakar batean ere agindu ez dezaten. Aznalen arabera, indar subiranista "berme bakarra da gobernu askotariko, ireki eta ezkertiarra" izan dadin: “Asko lortu dugu, baina lan handia dugu aurretik hauteskunde hautean maite dugun Euskal Herria, maite dugun Nafarroa, lau haizeetara zabaltzeko".

Zurekin Nafarroa izan zen gainontzeko indarrekin aurkakotasun argirik bilatu ez zuen bakarra. Fokoa bere buruan `paratu zuen. Hauteskunde gaueko ezustekoa izan nahi du, haren zerrendaburu Begoña Alfaroren arabera. Duela lau urte ez bezala, hauteskunde hauetan haien espazio soziopolitikoa batera aurkeztuko da hauteskundeetara, eta batasun horretan aitzindari izateak etekin elektoralak ekarriko dizkiela uste du: “Zurekin Nafarroa beharrezkoa zen eta ez dut zalantzarik, heldu den maiatzaren 28an sorpresa izanen gara”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!