Osasuna

Oier Sanjurjo: “Osasuna ongi lehiatzen ari da, finalean edozer gauza gerta daiteke”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko mai. 5a, 13:40

Osasunako kapitain ohi, AEK Larnakako jokalari eta Euskalerria Irratiko bazkide Oier Sanjurjok Larnakako parke batetik egin du bideo konferentzia Metropoli Forala saioarekin, biharko Kopako final handiaren bezperan.

Sanjurjo pozik azaldu da Ziprera joateko erabakiarekin, harro Europako txapelketetan jokatu dituen 14 partiduekin eta itxaropentsu biharko norgehiagoka historikora begira: “Real Madrid faboritoa da, baina Osasuna oso ongi lehiatzen da, eta 90 edo 120 minutuan edozein gauza gerta daiteke”.

Zer moduz zaude?

Ederki. Denboraldiaren azken txanpan sartuta. Lau partida falta zaizkigu soilik. Hirugarrenak gara orain sailkapenena, lehenarengandik sei puntura. Zail jarri zaigu txapeldun izatea, baina bigarren edo hirugarren geratzea ere garrantzitsua da taldearentzat, Europako txapelketetan jokatzeko aukera ematen baitigu. 

Larnakan bizi zarete, 70.000 biztanleko hiri batean, Zipreko hegoaldeko kostaldean. Zer moduz moldatu zarete zu zein zure bikotekidea eta seme-alabak?

Hasieratik bai emaztea eta bai seme-alabak gogotsu etorri ziren, bazekiten haientzako aldaketa nabaria izanen zela, ez bakarrik niretzako. Asko lagundu didate prozesu honetan. Haien jarrera goraipatuko nuke. Ez da erraza Iruñeko ingurua, familia, lagunak, dena utzita hona etortzea eta leku, kultura, hizkuntza berri batzuetara moldatzea. Aldez aurretik landu genuen hori eta hona etorri zirenerako barneratuta zeukaten. Ongi eman dute urtea, primeran. 

Zipren greziera eta turkiera dira ofizialak. Ingelesa ere erabiltzen da. Nola moldatu zarete?

Haurrak nazioarteko eskola batera eramaten ditugu eta ingelesez ikasten ari dira. Asko ikasten ari dira. Harritzekoa da haurrek zer gaitasun daukaten hizkuntza berriak barneratzeko orduan. Egia da Zipre herrialdea oso berezia dela politikoki, toki estrategikoan baitago Mediterraneoan. Hemendik zibilizazio asko pasa dira. Turkiak 1974an Zipreko %35 inguru okupatu zuen. Egun, goiko partea Turkiaren menpe dago eta gainontzekoa greziar-zipretarra da. Grezieraz hitz egiten dute.

Eta horregatik guztiagatik da Europako eskualderik militarizatuena, Hego Euskal Herriaren aurretik. Beraz, haurrak ongi moldatzen ari dira hizkuntzekin. Aita ere bai?

Nik batez ere hasieran praktikatu behar izan nuen ingelesa. Bakarrik heldu nintzen hona. Lehen hilabete eta erdia bakarrik eman nuen. Paperak, autoa, haurren matrikulazioa, hau eta beste... Abentura horretan bakarrik nengoen eta ingelesa praktikatu behar izan nuen. Gero gutxiago erabili dut, aldagelan badelako gaztelaniaz hitz egiten duen jendea. Egunerokoan ez dugu hainbeste erabiltzen. Baina koskatxo bat aurrera egin dut. 

Euro-Oier bihurtu zarela esan dezakegu, horregatik eta Europako Txapelketa ia guztiak jokatu dituzulako: atarikoa Txapeldunen Ligan, gero Europe Ligue, jarraian Conference Ligue. Dena jokatu duzu.

Harrigarria izan da niretzat. Ez nuen espero halako esperientzia biziko nuenik. Azkenean Europako txapelketa guztiak jokatzea egokitu zait, 36 urterekin. Oso harro nago esperientzia hori bizi ahal izanaz. Nork esango zidan hala iritsiko zitzaidala aukera hau. Gozatu dugu. Hamasei partida jokatu ditugu Europan. Ez da marka makala. Egia esan, aurten partida pilo bat jokatu ditugu eta denboraldi nekagarria izaten ari da azken hilabete hauetan. Neke fisiko eta mentala nabari dugu. 

Danimarkan, Serbian, Ingalaterran eta beste hainbat lekutan jokatu duzue. Partida bat hautatu behar izanez gero, zein hautatuko zenuke?

Hautatuko nukeena izanen litzateke Ukrainako Nipro taldearen aurka etxean jokatu genuen partida. 3-1 irabazi genuen, nagusitasunez, eta horrek eman zigun Europa Ligueko taldekako fasean sartzeko txartela. Taldearentzat zorion eztandarik handiena izan zen.

Gauzak horrela, hartutako erabakiarekin pozik, Ziprera, AEK Larnakara joatearekin kontent?

Bai, ez naiz batere damutzen. Nik espero nuena baino are aberasgarriagoa izaten ari da, hain zuzen ere Europako txapelketak jokatzeko aukera horregatik. Hori kirolari dagokionez. Gero pertsonalki ere aberasgarria izan da, ez bakarrik niretzat, baita emaztearentzat eta haurrentzat ere, gure txokotik ateratze honek motxilan esperientzia gehiago sartzeko aukera eman digu. Hori beti da aberasgarria. 

Perspektiba horretatik, nola begiratzen diozu irteerari? Izan ere, gogoan dut alde egin eta gutxira Berria egunkariko Iñaki Berastegiri eskainitako elkarrizketan minduta azaldu zinela, Osasunak ez zizulako eman zure etorkizuna erabakitzeko aukera.

Berria jaso nuenean ez zen erraza izan. Segitzeko grina hori nuen, neure bihotzeko taldean betirako segitzeko gogo hori. Badakizu ezinezkoa dela, baina iritsi zenean albistea sorpresaz hartu nuen. Eta era berean berehala barneratu nuen, onartu nuen gauzek badutela hasiera eta bukaera bat.

Nola duzu gogoan zaleek Sadarren eman zizuten agurra?

Hitz bat aukeratzekotan hunkigarria hitza hautatuko nuke. Azken finean, pentsa, Osasunak ez dio sekula halako omenaldi agurrik egin inori, eta hori zerbait egin dudan seinale da. Badakit beste garai batzuetan gaudela eta orain halako gauzak beharrezkoak direla, baina erabat eskertuta nago, eta atzetik datozenei ere halako omenaldiak egitea polita izanen litzateke. Dena emateagatik egin didaten oparitzat hartzen dut. 

Ikusten ari al zara Osasunaren partidak?

Bai, baina ez nahi adina. Osasuna zaleak zaretenok aski ongi dakizue, pairatzen ari zaretelako, ordutegi aldetik nolako gorabeherak dauden Ligan. Hemen [Zipren], gainera, ordu bat gehiago daukagu, hango [Euskal Herriko] ordutegiarekin alderatuta. Beraz, han 22:00etan denean partida, hemen 23:00ak dira. Berandu egiten zait partida ikusteko; izan ere, hemen bizitza lehenago doa, goizago esnatzen gara. Batzuk galdu ditut, baina orokorrean saiatu naiz jarraitzen, noski.

San Mameseko Kopako finalerdietako itzulera partida ikusi al zenuen?

Noski. Horretan ez nuen hutsik egin. 

Partidaren hasieran gogora etorri zitzaidan pandemiako itxieraren aurreko azken norgehiagoka Osasunak San Mamesen jokatu zuela, eta zuk sartu zenuela garaipenaren gola. 

Bai, oso gogoan daukat. Oroitzen naiz gainera puntu premia genuela, eta oxigenoa eman ziguten hiru puntu izan zirela, liga bukaerari beste modu batean aurre egin ahal izateko. Gainera Osasunaren kapitain moduan San Mamesen gola sartzeko aukera izateak magiatik ere izan zuen. 

Zer sentitu zenuen harrobiko jokalari Pablo Ibañezek Osasuna hemezortzi urteren buruan final batera sailkatu zuen gola sartu zuelarik?

Pentsatu nuena izan zen bere azalean egonda zer nolako sentipenak edukiko nituzkeen. Momentu hori sekulakoa izanen zen. Eta ez momentu hori bakarrik. Behin barneratuta finalerako txartela ematen duen gola berak sartu duela, hurrengo egunetan hori dena dastatzea ikaragarri polita izanen zen berarentzat. Bestalde, harridura pixka batekin ere hartu nuen gola, ez bainuen espero Osasunak gola sartzerik, egia esanda, Athletic hobeki ibili baitzen partida hartan, aukera gehiago izan zituen. Ez nuen espero Osasunak luzapenean gola sartzerik. 

Finalera begira nola dakusazu taldea?

Ez da inor harrituko Real Madrid faboritoa dela esaten badut. Hori horrela da. Haiek talde askozaz ere sendoagoa daukate. Prestatuago daude, batez ere mota honetako finalak jokatzeko, nahiz eta Kopako txapelketan azkenaldian ez duten arrakasta handirik izan. Baina finalak jokatzen adituak dira. Alde horretatik badute abantaila txiki bat. Baina ikusten ari naiz Osasuna nola lehiatzen ari den azken partidetan, eta gustua ematen du. Gauzak zail jarriko dizkiote Real Madridi, eta, nork daki, 90 edo 120 minituan gauza mordoa gertatu daiteke.

Zer gomendatuko zenieke taldekideei?

Ez dut esperientziarik halako finalak jokatzen. Ezin diet aholku handirik eman. Baina halere nire aholku umila nahiko balute, esanen nieke egun hauetan jasotzen ari diren zarata, urduritasun eta tentsio guztiak ahalik eta ongien kudea ditzatela. Badakit erraza dela esatea eta zailagoa egitea, baina ahalik eta lasaien atera daitezela berdegunera, kontzentratuak egin behar duten lan horretan. Hala egiten badute, seguru Real Madrid handi honi aurre egin ahal izanen diotela. 

Finala bazterrean utzirik ere, zenbat hazten ari den Osasuna azken urteotan, ezta?

Garapena itzela izaten ari da eta horrek ere bularra puzten digu horretan protagonista izan garen guztioi. Osasuna horren indartsu ikustea sekulakoa da. Ez dut uste goia jo dutenik, gauza gehiago egin daitezkeelako, baina garapen horren saria bada finala jokatu ahal izatea. Harro eta pozik nago. 

Non eta norekin ikusiko duzu finala?

Euskal Herriko lagun bat daukat taldean, Mikel Gonzalez arrasatearra. Oso harreman on eta berezia dugu. Guk hemengo 19:00etan partida daukagu. Arbitroak amaiera adierazi bezain pronto, aldagelara korrika joanen naiz, etxe aldera ahalik eta lasterren joateko eta partidua berarekin ikusteko. Partidaz gozatu nahi dut, lasai, futbola ikusi eta partida dastatu. 

Maiatzean 37 urte eginen dituzu, ezta?

Maiatzaren 25ean, bai. 

37 urterekin, zein asmo datorren denboraldirako?

Spoilerrik ez dizuet eginen, baina laster nire berri izanen duzuela aurreratuko dizuet.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!