Osasuna

Amaia Nausia: "Osasuna da nafar identitatearekin gehien lotzen den hitza"

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 5a, 11:59

Eusko Ikaskuntzak nafar identitateari buruzko ikerketa egin du, Nafarroako hainbat eskualdetan herritar foroak sortuz.

Amaia Nausia Pimoulier historialaria da eta Eusko Ikaskuntzaren Iruñeko ordezkaritzan egiten du lan. Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan izenburu dun ikerketa soziologikoa zuzendu du. Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan azaldu duenez, Foru erkidegoko hainbat eskualdetako herritarrei nafar nortasuna zer den galdetuta, Osasuna eta aniztasuna izan dira gehien errepikatu diren hitzak.

Oso Osasunazalea zinela esan digute, baina jada ez zarela.  

Hamalau urtez izan nintzen Osasunaren bazkide, baina, inor ez nuke mindu nahi, baina gaixotasun hori gainditu nuen.

Sendagaia zein izan zen?

Bizitza, amatasuna eta feminismoa. Krisi ekonomikoaren aferak ere lagundu zuen. Hainbat konturekin ez nentorren bat, eta erabaki nuen une batetik aurrera ez zuela zentzurik nire bizitzan. Baina alderdi emozionaletik aztertuta, lotura emozionalak hor segitzen du, eta identitatearen ikuspegitik hor dago.

Nafar nortasunaren inguruko azterketa egin duzue

Nortasunari buruz hitz egiterkoan, esentzalismoan eror daiteke. Identitate bakar batez hitz egitea zaila da, eta are gehiago Nafarroa bezalako lurralde askotariko honetan, bakoitzak nafartasuna ulertzeko modu ezberdinak dituelako: eusko Ikaskuntzatik ikerketa honekin hasi ginean, Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan, hain zuzen ere hori izan zen gure lehen ondorioa: nafar identitate bakar batez edo homogeneo batez hitz egitea ezinezkoa da. Baina badira hainbat sinbolo nafar identitate hori osatzen dutenak, eta dudarik gabe Osasuna horietako bat da.

Beti esan izan da Osasunak nafarrak batzeko gaitasuna duela.

Bai, kohesionatzailea dela esan genezake. Azterketa hasi genuenean hainbat herritar foro osatu genuen hainbat eskualdetan: Baztan, Beriozar, Castejon… Iparaldetik hegoaldera. Eta galdetzen genienean “zer da Nafarroa zuretzat eta zein sinbolorekin lotuiko zenuke”, erantzunetan aniztasuna asko aipatzen zen, baina baita Osasuna ere. Osasunak batzen omen ditu nafarrak. Seguruenik denak ez ditu batuko, baina bada elementu kohesionatzaile bat. Identitate kolektiboak eraikitzeko garaian, askotan eraikuntza ppolitiko eta sozialak baitira, halako elementuak baliagarriak dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!