MOTXILA PISUTSUDUN FUTBOLARIAK
Paris 365 taldeko entrenatzaile eta ideologo Johan Bjonkstromek dio bere jokalariak baloiaren poetak direla: “Behin eta berriz iskin egiten dute sekula jaurti gabe. Lore jokoak egitea gehiago gustatzen zaie golak sartzea baino”. Ez ote den poesia hutsa Paris 365 taldea bere osoan: futbol moderno eta merkantilistaren garaiotan, egoera zaurgarrian dauden hainbat gazte laguntzeko taldea sortzea poesia ez bada, oso hurbil dago.
Poesiatik ez ezik justizia sozialetik ere badu ikusgarritasuna ematea hainbatek ikusi nahi ez dutenari: Paris 365 jantokian egunero 110 laguni ematen dizkiete hiru otordu, euro baten truke; Caritasek Iruñean duen etxerik gabeko pertsonentzako eguneko aterpean 459 lagun artatu dituzten 2022an -2019an zentrotik igaro zirenen halako bi- eta hirutik bat 25 urtetik beherakoa zen; Nafarroako Pobreziaren Aurkako Sarearen arabera, foru erkidegoan 90.000 pertsona bizi dira pobrezian edota gizarte bazterketan.
Paris 365 taldea uztailean, sanferminen ondotik hasi zen entrenatzen eta aurreiritziak apurtzen. Ordutik, egoera zaurgarrian dauden 30 bat gazte pasa dira taldetik. Egun, hamazazpi inguru dira, ia denak 20 urte inguruko gazteak. Haatik, dagoeneko denek bizipen gogorrez beteriko motxila pisutsuak dauzkate.
Konparaziora, Abderrahmane Oukhira taldeko kapitainaren bizkar-zorroa ez da arina. Abde esaten diote, Osasunako hegaleko aurrelari Abde Ezzalzouliri bezala. Izenean antza daukate; ez, ordea, egoeran. Paris 365eko Abde 20 urteko mutil liraina da, amazig herrikoa. Amazig hizkuntzan kontatu dio TTAPen kamerari jaioterrian, Marokon, hiru urtez Zuzenbide ikasketak egin eta gero, miseria gorriak bultzatu zuela deserrira.
KALE GORRITIK ZELAI BERDERA
Bjorkstrom hurkoa beti irribarre batez hartzen duten jorietakoa da. Euskandinabiarra dela dio. Suedian jaioa, duela 30 urtetik bizi da Euskal Herrian. Iruñean gizon ezagun eta maitatua da. Nabarreria plazako Meson tabernan ostalari egin duen ibilbide luze eta eskuzabala dela eta: beti izan da komunitateari laguntzeko prest. Paris 365 futbol taldean entrenatzailea da eta taldekideek Irakasle esaten diote, bistako errespetuz eta kariñoz.
Alta, Bjorkstronek muturra okerturik hartu dut TTAPeko kazetaria Larrabideko entrenamendu zelaian, taldekideek beroketa ariketak egiten dituzten bitartean. Berehala azaldu dio haren aldarte ilunaren zergatia: Abde kapitaina eta Hamza Makhkha taldekidea kale gorrian geratzear daude. Bizi diren Jarauta karrikako etxabean obrak egin behar dituzte, eta ez dute lortzen haientzako beste aterperik. “Aitortu ala ez, arrazistak gara”; bota du Irakasleak zeharo ozpindurik. “Leku askotara deitu dugu, eta hainbatetan baietz esan digute hasieran, mutilen jatorria aipatu diegun arte”, gaineratu du.
Sanferminak pasata entrenatzen hasi zirelarik, sei taldekide bizi ziren kale gorrian: “Behin, ezker hegaleko defentsak ezin izan zuen jokatu gauez arratoi batek oinean hozka egin ziolako. Entrenatzaile edo, besterik gabe, pertsona bezala horrek astindu egiten zaitu”. Ordutik, beren “garaipenik handiena” denentzako aterpea lortzea izan da. Bjorkstromek ez du atzera egin nahi, ez dago atzera egiteko prest: “Haiengatik burdina goria eskuetan hartuko nuke. Oso zintzoak dira eta ederki dakite hemen jaiotakoek baino hobeki jokatu behar dutela edozein akats larrutik ordainaraziko dietelako”.
Oihana Barrios psikologoak urteetan presoekin egin izan du lan. Egun, boluntario moduan dihardu Paris 365 jatetxe solidarioan. Janari eta sabai faltyak ez ezik, aurreiritziek ere katlte handia egiten dutela dio: aporafobiak, arrazakeriak, klasismoak. Taldea horiek apurtzen laguntzen ari dela uste du. Hari bururatu zitzaion futbol taldea sortzeko ideia, jantokiko erabiltzaile gazteekin hizketan ziharduela: Bjornkstron laguna zuen, harekin mintzatu zen eta poesia sortu zen.
ELKARTASUNA LAGUN
Jokalariak jaurtiketa ariketak egiten ari dira. Baloi bat Barriosengandik eta kazetariarengandik oso hurbil pasa da. Irribarre zabal batez, psikologoak gogora ekarri du gazteentzako aterpea bilatzeko arazoak badituzte ere elkartasunari dagokionez dena ez dela iluntasuna euskaldunon hiri buruzagian.
Katakrak liburu dendaren inguruan mugitzen den intsumiso preso ohi koadrila bati laguntza eskatu zioten eta hiru egunean 5.000 euro bildu zituzten taldearentzat, baloiak, botak, praka motzak, elastikoak erosteko, Uztailean, Gaztelu gibeleko soropiletan egiten zituzten entrenamenduak. Egun, Larrabideko Kirol Teknifikazio Zentroko belar artifizialeko zelaian aritzen dira. Izena epez kanpo emanagatik ere, Futbol 7 Navarraren txapelketan tartea egin zieten.
Mikel Lizaso kazetaria da, egun irakasle lanetan dihardu institutu batean eta Paris 365 taldeko beste entrenatzailea da. Futbola maite du, baina ez ezein futbol, baizik eta Bjorkstromek maite duen hori bera, “gizarte justuago eta solidarioago baten aldeko balioak zabaltzen dituena”. Lizaso zertaz ari den entzunda, futbol zale suediarrak iruzkina gehitu nahi izan du: “Niri Osasunaren balioak dituzten taldeak gustatzen zaizkit. Jagobak eta Bittorrek horiexek dauzkate. Baina ezin ditut jasan Superliga, Qatarko Munduko Kopa eta halako txapelketak, guztiz ustelak baitira”.
Lizaso eta Barrios euskaldunak dira. Bjorkstrom euskandinabiarra, taldekide gehienak marokoarrak, mazigak ere badira tartean, baita senegaldar eta perutar bat ere. Horrenbeste hizkuntzarekin, zenbaitetan komunikazio arazoak izaten dituzte. Gauzak horrela, partiduetan jarraibideak emateko hiztegi berezi bat garatu dute. Lau hitz dira, guztira: lasai, tiro, alealiya –familia, arabieraz– eta no tac –kolperik ez, hizkuntza nahasketa batean–. Honatx nora erabiltzen dituzten:
‘ALEALIYA’ LASAIA
Bjorkstromi ostalarizan emandako urte luzeek abilezia berezia eman diote jendearekin harremanak izateko tenorean. Hura arduratzen da entrenamendu hasierako eta amaierako hitzaldiez, jokalariak pizteaz edo lasaitzeaz. Lizaso gizon lasaiagoa da eta futbol aholku teknikoagoak ematen dizkie. Euskalerria Irratian Osasunaren partiden kontakizunetan gauza bera egin izan zuen hainbat urtez: lerrook idatzi dituen kazetarik kontakizuna egiten zuen; eta Lizasok, iruzkin pulamentuzkoak. Pozik dago taldearen garapenarekin: “Hasieran, bakoitza bere aldetik ibiltzen zen zelaian; orain, taldea izaten ikasten ari dira, denok nahiko poetak badira ere”.
Futbolaz harago ere, Lizasok analisi zorrotzetarako joera du: “Gazte hauek kolonizazioaren ondorioak pairatu dituzte haien herrietan. Etorkizuna lapurtu diegu eta horren bila datoz. Etorkizun hori zor diegu”, azaldu du. Bjorkstromek bide beretik segitu du. “Hemen daude, hemen bizi dira eta atea zabaldu behar diegu justiziagatik, baina baita denoi komeni zaigulako ere. Zer nahi dugu, haiek gizarteari gehitzea ala kentzea?”.
Gazte horiei gehiago nola gehitu aztertzen dabiltza Bjorstromn, Lizaso etaBArrios, buruari etengabe eraginez: “Oso ongi legoke proiektua hantditzea, neskekin ere lan egitea, bestelako kirolak lantzea, gazteentzako lana eta paperak lortu ahal izatea”, azaldu du Barriosek. Hiru guztiori errealuitatea bihurtzeko bideak aztertzen ari direla gaineratu du Lizasok. Hiruroi begiradak indarrez egiten die dirdira etorkizunari buruz mintzatzerakoan.
Gazteekin duten harremana futbolaz harago doa. “Inoiz Abderi Sadarrera joateko nire bazkide-txartela utzi diot”, aitortu du Bjorkstromek. Munduko Kopako Marokoko selekzioaren partiduak ikus itzaten elkarte batean eraman zitueneko argazkiak ere erakutsi ditu: “Haien artean tarteka arazoak izaten dira, normala denez, baina gero konpondu egiten dira, eta gero eta hobeki moldatzen hara”, laburbildu du Irakasleak.