LAB sindikatuak maiatzaren 1erako, Langileen Nazioarteko Egunerako, mobilizazioak deitu ditu, 12:00etan Iruñeko Gazteluko plazatik irtengo dan manifestazio bat eta 12:30ean Tuterako Foruen plazatik abiatuko da beste martxa bat. Mobilizazioaren helburua “langileek pairatzen duten egoera prekarioaren arduradunak seinalatzea, eta bizitza- eta lan-baldintza duinak lortzeko erabateko aldaketan zentratzeko beharra adieraztea", izango da.
Sindikatuak azaldu duenez, Ipar Hegoa fundazioak duela hilabete batzuk egindako ikerketa baten arabera, “Nafarroako langileen erdiak prekarietate-egoeran bizi dira, lan duinik gabe eta diru-sarrera eskasekin”. “Hala ere, eliteen eta enpresa handien interesak defendatzen dituztenek BPGren bilakaera soilik aztertzen dute herrialde baten egoera sozioekonomikoa eta osasun ekonomikoa neurtzeko”. Imanol Karrera LAB Nafarroako koordinatzaileak adierazi duenez, “ez da nahikoa, ez ditu lan guztiak kontuan hartzen, ez du aztertzen sortzen den aberastasuna nola banatzen den eta ez du aztertzen aberastasun hori sortzea ekarri duen aztarna ekologikoa”.
LABen hitzetan, "hitzarmenak berritzeko, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, lanaldi-murrizketari buruzko eztabaidari ekiteko, zerbitzu publikoak hobetzeko eta zaintza-sistema publiko komunitario baten alde egiteko garaia da". "Ez dago aitzakiarik, beste politika fiskal bat egiteko eta zerbitzu publiko duinak garatzeko eskumenak ditugu", defendatu du sindikatuak. “Aldaketa erradikala” beharrezkoa dela aldarrikatzen du LABek, ez baitago “eraldaketarik patronala eta erakundeak horretara behartu gabe”.
Gainera, maiatzean hauteskundeak egingo direla gogorarazi du sindikatuak, eta "alderdi politikoei jarrera argiak eskatzeko unea izango da: langileen aldeko aldarrikapenak agenda politikoaren erdigunera ekartzea".