Eduardo Santos: “Artzapezpikutzak Justiziarekin kolaboratu beharko luke”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko ots. 24a, 14:07

Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak ez du argi datorren legealdian politikaren lehen lerroan segituko duen, Euskalerria irratian egin zaion bideo-elkarrizketan aitortu duenez.

Eliza Katolikoaren barruan izandako sexu abusuen inguruko batzordea martxan da Nafarroako Parlamentuan. Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santosek gaur Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan azaldu duenez, horren barruan dagoeneko 40 biktimaren kasuak aztertu dituzte, elkarrizketen bitartez: “Biktimak entzuten ari gara, konstantzia uzten ari gara eta erreparazio lanak eginen ditugu. Lehena, biktima izan direla onartzea. Hain astuna izan den isiltasunaren aurka egin behar dugu. Biktimei esan behar diegu: zuekin gaude”.

Santosek gogora ekarri du batzorde parlamentarioa orain egiten ari den lana aurretik eginda daukala bere Departamentuak. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean biktimen inguruko txostena osatuko zuten, haietako hainbat elkarrizketatuz, eta biktimak artatzeko bulegoa zabaldu zuten. Guztira, 60tik gora kasu identifikatu dituzte: “Eta aintzat hartu behar dugu askok eta askok ez dutela salatzeko urratsa egin”.

Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutza auzi honetan edukitzen ari den jarreraz galdetuta, argi mintzatu da Santos kontseilaria: “Kasu penalak zaharrak dira eta asko ezin dira judizializatu, denbora asko pasa delako eta kasuek iraungitze data daukatelako. Alde horretatik Fiskaltzak zeresana eduki dezake, baina gutxi. Edonola ere, guztien betebeharra da Justiziarekin kolaboratzea, eta Artzapezpikutzak hori egin beharko luke”.

“Ez dakit zer eginen dudan datorren legealdian”

Foru eta udal hauteskundeak gero eta hurbilago daude. Hilabete besterik ez da falta Nafarroako Parlamentuak bere jarduera eten dezan. Ingurumari horretan, Santosek oraindik ez du argi datorren legealdian politikaren lehen lerroan segituko duen: “Ni ez nago hautagai zerrendetan eta uste dut jende berriak hartu behar duela bere bizkar Ahal Duguren gidaritza politikoa. Baina horrekin ez dut esan nahi atzera pauso bat emanen dudanik edo alde eginen dudanik. Ikusi beharko da zer gertatzen den aro berrian. Nik ez dut inolako asmo zehatzik. Erabaki pertsonal bat da. Balorazio hori ez dut oraindik egin”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!