Iñigo Aranbarri: “Oso eskertzekoa da ‘Irati’-ko batailetako grabazioetan Nafarroako horrenbeste jendek parte hartu izana”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko ots. 24a, 14:48

  • Iruñean bizi den aktore azkoitiarrak pelikularen "ausardia eta indarra" nabarmendu ditu Euskalerria Irratian egin zaion bideo-elkarrizketan.
  • Zine aretoetan gaur estreinatuko da Paul Urkijoren bigarren film luzea, Donostian eta Sitgesen publikoaren saria irabazi eta gero.
  • Santi Leone: “Espektatibak oso goiti nituen eta bete egin ditu ”. Martxelo Sotes: “Historia eta istorioa ederki uztartzen ditu”.
  • Aranbarri "oso ados" azaldu da Edurne Azkaratek lehen eta bigarren mailako euskaldunez esandakoekin.

Irati pelikula gaur estreinatuko da Euskal Herriko zine aretoetan, Donostiako eta Sitgeseko zine fantastiko jaialdietan publikoaren saria jaso eta gero. Estreinaldira begira “urduri” azaldu da filmean Eneko Enekezen rola jokatzen duen Iñigo Aranbarri aktorea, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan egin zaion bideo elkarrizketan. Nolanahi ere, aldi berean "oso baikorra" da, pelikularen “ausardia eta indarra” direla kausa.

Urduri eta baikor ezezik eskertuta ere azaldu da Aranbarri. “Oso eskertzekoa da Nafarroako hainbeste jendek parte hartu izana Irati pelikularen grabazioan, batailak eta gainontzekoak errekreatzeko orduan. Jende asko dago hor atzean eta guztiek ez dute testurik”, azaldu du. “Eszenei indar hori eta sendotasun hori emateko jende horren eskuzabaltasuna oso eskertzekoa da, ordu asko izan baitziren, gauez lanean, zenbaitetan gaupasa eginez, hotza pasaz. Jende hori oso ilusionatuta ikusten zenuen. Aldapan behera korrika, batailara gindoazela benetan sinesten zenuen, adrenalina goi-goian. Benetan ederra izan zen”, gaineratu du.  Izan ere, Paul Urkijok zuzenduriko pelikula Orreagako batailarekin abiatzen da, eta jarraian VIII. mendeko Euskal Herrian murgiltzen da, Irati basoaren inguruko kondairak lagun.

Leone eta Sotes, Irati-ren oso alde

Aranbarriri egindako elkarrizketan, pelikula jada ikusita duten Euskalerria Irratiko bi kolaboratzailek Urkijoren lanaren inguruko iruzkinak egin dituzte, Santi Leone historialari eta idazlearen aburuz, pelikulan Euskal Herriko aktorerik hoberenek parte hartzen badute ere  –besteak beste, Itziar Ituño, Eneko Sagardoi, Nagore Aranburu eta Ramon Agirrek–, Aranbarrik egin du antzezpen lanik biribilena,  “begirada batez adierazten baititu herioa aurkitzera doan gizonaren zama, oinordekoari ibarra babesteko agintzen dion buruzagiaren ardura eta semeari agur erraten ari zaion aitaren larria”. Leonek pelikularen kritika mamitsua idatzi du bere blogean.

Sotesi haurra zelarik zinemara zihoala izaten zituen sentsazioak berpiztu zaizkio Irati ikusita. Hareb irudikoz, Urkijok “ederki uztartu ditu historia eta istorioa”. “Beste herriek haien mitoak landu dituzte zineman eta horiek ikusi ditugu orain arte. Urkijok gureak bikain landu ditu”, azaldu du. Aktoreen lana, musika eta paisaiak goretsi eta gero, epaia bota du Sotesek: “Pelikula hau herrigintza zinematografikoa da”. Historialari eta irakasle iruindarrak Irati-ri buruzko hari interesgarria idatzi du Twitterren.

Aranbarri, Edurne Azkaraterekin ados

Irati pelikulako beste protagonistetako bat den Edurne Azkaratek polemika eragin du Hala Bedi Irratian egin dioten elkarrizketan esandakoengatik. Azkaratek lehen eta bigarren mailako euskaldunak daudela esan zuen. Adierazpenok aurkakotasun handia eragin zuten sare sozialetan, bereziki ama hizkuntza euskara duten Gipuzkoa aldeko txiolarien artean.

Azkoitiarra izanda duela bost urtetik Iruñean bizi den Aranbarri Azkaraterekin “oso ados” azaldu da.  “Oso ondo ulertu nuen Edurnek esan zuena eta ados nago”, azaldu du. “Erabat ulertu nuen, batez ere azken bost urteak Iruñean eman ditudalako, eta ulertzen dut jendeak ez ulertzea, eta ziur asko oraindik Azkoitian edo Donostian biziko banintz nik neuk ez nukeen ulertuko ”, gaineratu du.

Izan ere, Aranbarriren iritziz, “periferian bizitzea egokitu behar zaizu ikusteko egoera hemen zein den”. “Nik zorte hori izan dut. Ez da Gipuzkoako euskal kulturaren babesgune batean bizitzea bezalakoa. Ez gara kontziente zer den hemen bizitzea. Hemen euskalduna dena euskaltzalea da. Eta Azkoitian euskaldun asko dago baina euskaltzale gutxi, ez dagoelako behar hori”, esan du.  

Lehen mailako eta bigarren mailako euskaldunak izateak aktoreen mundura zer dakarren azaldu du: “Askotan, Gipuzkoako aktore asko ikusten dira ETBn lanean, suposatzen denean Euskal Herri osorako euskaraz egiten den telebista izanda jende gehiago hartu beharko lukeenean. Pedigri hori aintzat hartzen da askotan. Eta hori aldatzea oso eskertzekoa izanen litzateke”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!