Itziar Benede kazetari iruindarra Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan izan da, Turkiatik itzuli berritan. Oso pasadizo adierazgarri bat kontatu du, gure mikrofono eta kameren aitzinean. Otsailaren seiko lurrikarak zeharo txikitu zuen Antakia hiria. “Munduaren akabera kontatzen duten pelikula apokaliptiko horietako batean zeundela ematen zuen”, azaldu du. Halako batean, familia bat ikusi zuten, eraikin baten parean zain, hondeamakinak lanean ziharduten bitartean. Senideen gorpuak ateratzeko zain ziren, identifikatu ahal izateko. “Ez aldegiteko eskatu ziguten: ‘Ez joan, zuek joaten bazarete, kamerarik ez badago, lan egiteari utziko diote’, esan ziguten”, azaldu du Benedek.
Kazetari iruindarrek eta bere lankideek behin eta berriz jaso zituzten halako eskaerak; izan ere, lurrikarak kalteturiko turkiarrek “behin-behineko erantzun bat jasotzen ari direla uste dute. Uste dute egungo egoera prekarioa betikotuko dela, are gehiago mundua haiei begira ez dagoenean”. Esan gabe doa orain nazioarteko hedabideen kamerak Ukrainara begira jarri direla, inbasioaren hasieraren urteurrenaren kontura.
Gobernuaren kontrola eta herritarren esker ona
Benedek ETBrentzat erreportaje sorta egin du, otsailaren seiko lurrikarak Turkian kalteturiko eremuetan: lurrikararen epizentro Maras hiriko hilerri berrian; Adanako kanpalekuetan; hiri bereko karrika txikituetan; Iskenderum hiriko kanpaina ospitalean. Kale gorrian geratu diren herritar ugarien gobernuarekiko haserrearen berri eman du; herritarrok janaria lortzeko kanpaina ospitaleetan bolunario lanetan ari direnen lekukotzak ere jaso ditu.
Halaber, Benedek kazetariei traba ugari jartzen dizkieten Turkiako Armadaren eta Poliziaren kontrol zorrotza pairatu du: hilerri baten inguruan grabatzen ari zirela, irudiak borratu zizkieten. Baina baita herritarren esker ona ere. Horren erakusle, Metropoli Forala saioan kontatu duen beste pasadizo bat. Adanan hiri handian zuten hotela. Lurrikarak hiriaren zati bat kaltetu zuen soilik. “Hiriaren erdigunea ongi dago, bizitzak jarraitzen du, errealitate paralelo batean bizi dira”, azaldu du kazetariak.
Gauzak horrela, “zapatei erreparatzen diete jakiteko nor datorren lurrikaratik eta nor ez”. Asteden hartze aldera, erdiguneko kafetegi batean te bat hartu zuten. “Nagusia gure zapatengatik jabetu zela lurrikaratik gentozela, eta gonbidatu gintuen, ez zigun ordaintzen utzi: ‘Lurrikaratik zatozte, nahiko lan egin duzue eta eskertu nahi dizuegu’”.