Paul Urkijo: "Bada garaia Euskal kulturaz gu geu aritzekoa"

Iosu Ganuza Garcia 2023ko ots. 21a, 18:00

Irudiak: Euskalerria Irratia, Irati Film Musika: Irati Film

Ostiral honetan estreinatuko da Irati filma. Euskal Herrian, euskaraz, grabatu eta ekoitzi den film handia. Hainbat sari eta aitortza jaso ditu Paul Urkijo arabarraren lanak, besteak beste irudi-efektu, jantzigintza eta musikagintzan.

Aurreko ostiralean izan zen Irati filmaren aurrestreinaldia eta ostiral honetan, otsailaren 24ean helduko da zinema guztietara.

Zortzigarren mendean kokatzen da istorioa Kristautasuna Europan zehar hedatzen ari denean, sinesmen paganoak desagertzen diren bitartean. Pirinioak zeharkatuz Karlomagnoren armadak egindako erasoaren aurrean, haraneko buruzagiak antzinako jainkosa bati laguntza eskatzen dio. Odol itun baten bidez etsaia garaituko du, bere bizitza trukean emanez, baina horren aurretik, bere seme Enekori promes eginaraziko dio bere herria aro berrian babestu eta gidatuko duela. Urte batzuk geroago, Enekok promes horri ekingo dio misio batekin: Karlomagnoren altxorraren ondoan modu paganoan lurperatutako aitaren gorpua berreskuratzea. Kristau fedea izan arren, Iratiren laguntza beharko du, inguruko pagano misteriotsuarena. Bi gazteak baso arraro eta babesgabe batean sartuko dira, non izena duen guztia dagoen.

Hala dio Paul Urkijo arabarrak zuzendutako lanaren sinopsiak. Sitgesen publikoaren saria irabazi zuen film onenari eta gainera epaimahaiak aitortu egin zion efektu berezi onenen saria. Goya sarietara bost izendapenekin iritsi zen (gidoi moldaketarik onena, musikarik onena, jantzigintzarik onena...) baina azkenean ez zuen saririk jaso. 

Euskaraz grabatu eta Euskal Herrian ekoitzitako filma da, Irati eskualdearen kondaira berria sortuko duena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!