Ohiko egoeran, sei familia mediku eta bi pediatra dituzte Bortzirietan, azken horietako bat lanaldi osoan eta bertzea lanaldi erdian. Baina gaur egun lau mediku baino ez daude, bi falta dira eta ez dago pediatrarik. Erran.eus atarian azaldu dutenez "mediku faltagatik, urte hasieratik medikuen aurrez aurreko kontsultak Lesakan zentralizatuak dituzte eta mediku batek etxeko bisitak eta zaharren egoitzak artatzen ditu". Herriz herriko kontsultategietan beraz, erizainak bakarrik ari dira lanean.
Horrez gain, kexakk ere biltzen ari dira Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako kontsultategietan. Gainera, horiek aurkezteko deia egin diete osasun etxeetako langileek herritarrei. Erreklamazio orriak kontsultategian daude eta gero Iruñera bideratzeko asmoa dute.
Krisialdi honi gehitu behar zaio "abenduaren 31n azken zazpi urteotan Lesakako Lehen Mailako Arretako zuzendari izan den Ruth Gonzalez Santo Tomasek dimisioa aurkeztu zuela egoerarekin etsita".
Ladis Satrustegi Lesakako alkateak Euskalerria Irratiari azaldutakoaren arabera Osasun departamentuarekin bileraren bat egin dute, tartean Osasun arloko Zuzendari Orokor Carlos Artuondorekin. Honek, Gobernua irtenbidearen bila ari dela adierazi die baina hori oraindik ez dela iritsi adierazi du Satrustegik. Gainera egindako galdera zuzenei "erantzunik ez" dutela jaso azpimarratu du Lesakako alkateak.
Egoerak sortzen dituen zailtasunak nabarmendu ditu Ladis Satrustegik, batez ere mugikortasun arazoak dituzten pertsona helduengan, eta arazoa aurreikusi zitekeela salatu du, "aspaldi baikenekien bi mediku jubilatuko zirela". Pediatrarik ez izateak arazo gehigarria eragiten du familiengan.
Azkenik azaldu du ez dutela "inongo etorkizun onik ikusten, neurri berriak hartu ezean".