Mediku batek osasungintza pribatua eta publikoa uztartu ahal izatea ahalbidetuko luke esklusibotasunaren ezabapenak Mediku Sindikatuaren eta haien eskariaren alde dauden PSN eta Navarra Sumaren aburuz. Baina, benetan, horretarako aukera badute egun osasun profesionalek. Maria Solana Geroa Baiko parlamentariak argi du zein den benetan eskaria: "Bereziki diru gehiago da eskatzen ari direna".
Geroa Bai eta Ahal Dugu gobernu kideak esklusibotasuna ezabatzearen aurka azaldu dira, ez zaie iruditzen eta horrek konponduko dituenik dauden arazoak. Areago, ongi erabilita sistema egonkortzeko neurria izan daitekeela uste du Solanak. "Sistema da jokoan dagoena, dena ongi antolatuta eta era puntualean erabilta bere onera ekar dezakegu".
Esklusibotasuna kentzeak Nafarroako Parlamentuaren oniritzia behar du, eta gobernu kideena ez duen heinean, oposizioan bilatu beharko dute sozialistek babesa. Navarra Suma da alde azaldu den bakarra, EH Bilduk sistema publikoaren pribatizazioa dakusa eta proposatzen duten aldaketan. Biharko osoko bilkurara eramanen dute gaia. "Txibiteri galdertuko diogu zertan hobetuko lukeen arretak", azaldu du Bakartxo Ruizek.
Beste erkidegoekiko lehiakortasuna irabaziko luke Nafarroak PSN eta Navarra Suma alderdien iritziz. Ruiz ez dago ados: "Falazia bat da mediku falta horrekin konponduko denik, estamentu guztietan behar dira lan baldintza duinak".
Esklusibotasunaren ezabatzeak ezer gutxi aldatuko luke lehen mailako arreta eskaintzen dutenen egunerokoa parlamentariaren iritziz. Osasungintzan gehiengoa duen LAB sindikatuak neurtu duenez esklusibotasunaren ezabatzeak espezializatutako 50 profesionali eragingo lieke, soilik.