Eremu mistoa zabaltzeko borondaterik ez duela aitortu du PSNk

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 9a, 11:14

Mañeru eremu mistora aldatzeko tramitazioa abiatu du Nafarroako Parlamentuak. Aurki bozkatuko dute Euskararen legearen moldaketa. Gehiengo osoa behar du aldaketak; beraz, PSN edo Navarra Sumaren botoak erabakigarriak izango dira.

Euskararen Legeak Nafarroan sortzen duen zonifikazioari aurre egin eta eremu ez euskaldunetik mistora igaro nahi du Mañeruk. Apirilean eskatu zuen aldaketa udalbatzak. Euskara berezko hizkuntza duela aldarrikatu du Mañeruk. Herriko haurren %75ak, adibidez, D ereduan ikasten du, Garesen.

Udalaren eskakizuna entzun, eta Euskararen Foru legea aldatzeko prozedura martxan jarri dute Nafarroako Parlamentuan Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Foru legearen 5 artikulua moldatu behar dute Mañeruk eremu "ez euskalduna" utz dezan. Gehiengo osoa behar du erabakiak; beraz, sozialisten edo eskuinaren babesa beharrezkoa izanen da. 

Mahai eta Eledunen batzordearen ostean, gaur, gehiengo hori lortzen saiatuko direla azaldu dute aldaketaren proposatzaileek. Gaur gaurkoz, ez dirudi, ordea, lortuko dutenik. Ramon Alzorriz sozialistak onartu du haren taldeak ez duela borondaterik une honetan eremu mistoa zabaltzeko. "Nafarren egunerokoan eragiten dutenetan dugu orain kezka eta ardura", arguditu du. Eremu mistotik atera nahiko luketen udalerriak ere badirela azaldu du Alzorrizek, baina horri ez zaiola heldu nahi. Zer bozkatuko duten ez du zehaztu.

"Hilabete hauetan Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerratik saiatu gara PSNren sinadura lortzen", azaldu zuen orain bi aste Javi Arakamak, Euskalerria Irratian. "Ez dugu lortu eta azkenean aurrera egitea erabaki dugu beren babesik gabe".

“A priori” sozialisten jarrera berekoa dela adierazi du Navarra Sumak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!