Nafarroako Gobernuak EAErekin hitzarmen berri bat sinatzea proposatu du Geroa Baik, osasun alorrean aldaketa genitalerako ebakuntza behar duten nafarrek Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egiteko aukera izan dezaten. Jabi Arakama parlamentariak ekimen bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan. “Gaur egun, aldaketa genitalerako ebakuntzak behar dituzten nafarrek (funtsean baginoplastiak eta faloplastiak) Malagako probintzian dagoen osasun zentro batean egin behar dute, Iruñetik 900 kilometrora”.
Bizkaian dagoen Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean mota honetako ebakuntzak arrakasta frogatuarekin burutzen direnez, Geroa Baiko parlamentariaren aburuz ezin aproposagoa da hitzarmena. “Mota honetako kirurgia egin nahi duten nafarrentzako Gurutzetako zentroa erreferentziazko zentro bihurtzeko Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko hitzarmen bat sinatzeak haien bizi kalitatearentzako hobekuntza eztabaidaezina ekarriko luke, gure gizartean transexualek pairatzen dituzten diskriminazio askoren ondorioz jada zail duten bizitza lagunduz”, ziurtatu du. Nafarroako Parlamentuak proposamena ontzat emango duela espero du Arakamak.
Ekimenaren bitartez, halaber, Espainiako Gobernua premiatu du parlamentariak mota honetako ebakuntzak egiteko erreferentziazko zentroen sare bat diseinatu eta ezar dezan. “Espainiako Gobernuak egoera honi ordena jartzea beharrezkoa da, planifikazio serio eta zorrotz batetik abiatuz, Espainia osoko transexualek erreferentziazko zentro hurbil eta kalitatezko bat eduki dezaten, bere zerbitzuak modu erosoan eta ahalik eta denbora tarte txikienean eskuratu ahal izateko. Horrela bakarrik esan ahalko dugu transexual guztientzako eskubideak benetan bermatzen direla, haien bizitokia edozein izanik ere”.