Ana Ollo: “Bide zaila eta luzea izan da; baina egia eta aitortzarako eskubidea emango diegu orain biktimei”

Lohizune Amatria Zabalza 2023ko urt. 3a, 09:42

1950tik izan diren motibazio politikoko biktimen aitortzarako beste urrats bat eman du Nafarroako Gobernuak, errekonozimendua eskatzeko prozedura martxan jarriz. Urrats “oso garrantzitsua”, Ana Ollo Herritarrekiko harremanetarako kontseilariaren iritziz.

Motibazio politikoko biktimen 2019ko Foru Legeak jasotzen duen prozedura martxan jarri du Nafarroako Gobernuak. Ana Ollo Herritarrekiko harremanetako kontseilariak egin du, zehazki, foru agindua sinatuta. “Biktima guztiek dute justizia, egia eta erreparaziorako eskubidea. Badakigu legeak oztopo asko izan zituela, 2015koa eta 2019koa onartu behar izan ditu parlamentuak. Bide zaila eta luzea izan da, baina iritsi gara une garrantzitsu honetara”, adierazi du Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2015ko legearen eduki nagusiak baliogabetu zituen, PPren helegite bat aintzat harturik, legeak "justizia paralelo bat" sortzea helburu zuela iritzita. Hori dela eta, aurreko legegintzaldiko laukoak bigarren lege proposamen bat adostu zuen, Konstituzionalaren mugak kontuan harturik. Aitortza instituzionala eta administratiboa izanen da jasoko dutena, beraz.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean zabalduko da aukera eskaera egiteko. Hamar hamabost eguneko epean, kontseilariaren aurreikuspenen arabera. Hortik aurrera, eskaerak jaso eta onartuz gero, errekonozimendu batzordeak urtebeteko epean ebatziko ditu: “Espero dugu hilabete gutxitan aitortzea lehenengoak”.

Biktima gisa aitortuak izanez gero, kalte ordaina eta osasun laguntza jasotzeko aukera izanen dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!