Duela 20 urte Rock and roll liburuko protagonista izan zen Edu Saragueta pertsonaia berpiztu du Aingeru Epaltzak nobela berrian, eta Iruñean kokatu du. Haren hitzetan, 20 urteren ondotik, “Iruñea jada ez da hain zuria eta hain heteroxesuala, kolorea hartu du”. Guztiz egokia, eleberri beltz baterako.
Aingeru Epaltzak, nobela berrian, Edu Saragueta Iruñean kokatu du, auzoak, kaleak, zokoak izendatuz eta deskribatuz, duela hogei urte, Rock and roll liburuan ez bezala. “Aurrekoan ez nuen egin euskal idazleok batzuetan beldurra diogulako errealitateari. Errealitateak gezurtatuko ote dituen gure kontakizuna. Sinesgarritasun literarioa izanik gure kezka, Iruñea izen abizenez paratuta iruditzen zitzaidan egin zezakeela sinesgarritasunaren kontra. Hogei urtean, euskal literaturak konplexu asko kendu ditu, edo agian ni naiz konplexuak kendu dituena”, azaldu du idazle iruindarrak, Patxi Zabaletak eta Juan Kruz Lakastak Metropoli Forala saioan egin dioten elkarrizketan. “Hiria aldatu da, eta gu ere bai. Garbi dago Iruñeak kolorea hartu duela. Ez da hain zuria, hain heterosexuala. Euskaldunok orain gutxiengo etnikoetako bat gara”, gaineratu du Epaltzak.
Hogei urteren buruan berreskuratu du Edu SAragueta pertsonaia, herriak hala eskatuta: “Irakurle batek baino gehiago iradoki izan didalako berpiztu dut. Bizirik atera zen azken liburutik, eta hor utzi nuen, erreserban. Azken boladan banuen halako zerbait idazteko gogoa. Gainera orain baliatzen dudan Edu Saraguetak 20 urte gehiago ditu, 60 inguruan dabil, ez da lehengo bera, baina desastre bat izaten segitzen du”. Epaltzak ez du ukatzen bere nolabaiteko alter ego bat dela, bere B aldea: “Neurri batean badu hortik. Ez du nire biografiarik, baina bai buru barrenean dabilzkion gauza batzuk eta bizipen gutxi batzuk”, azaldu du. “Ez du zure bioa, baina grafia bai: azken finean biok zarete kazetariak, eta horrek liburua markatzen du”, gaineratu du Zabaletak.
Duela hogei urte Saragueta kazetariak soldata ona zuen. “Orain, langabezian dago, iraupen luzekoan, eta gainera egoera horrek behartu du auzo ezberdin batera bizitzera joatera. Bere etxebizitza blokean dagoen zuri bakarra da, iruinseme bakarra. Gainerakoak marokoarrak, bulgariarrak, perutarrak, dominikarrak, ukrainarrak dira”, azaldu du. Ingurumari horretan, lagun batek Nafarroako komunitate musulmanari buruzko erreportaje sorta bat egiteko eskatuko dio, eta hortik gertakari kate amaiera odoltsukoa sortuko da.
“Rock and roll liburuan lagun guztiak hil zitzaizkion, edo baten bat kartzelan. Haiek kokaina zaleak ziren, edaleak, marihuana zaleak. Oraingoak, berriz, kirolzaleak, erretzaile damutuen konpainiakoak dira. Lagunarte hori lagunarte ona gertatzen zaio, lehenago ez bezala”, gaineratu du Epaltzak.