Atzo, Euskalerria Irratiko goizeko albistegia Iruñeko Jaso Ikastolatik zabaldu zuten. Gaur, Guardasola saioa Altsasuko Institutu Publikotik egin dute. Ikastetxeko Hezkuntza Komunitate osoaren laguntza eduki dute horretarako: irakasleak, ikasleak, ikasle ohiak, gurasoak. Denak pasa dira irratiaren mikrofono fuksien aurretik.
Institutuko zuzendari Iñaki Mundiñanok eskaera bat egin die erakundeei irratiko uhinak baliatuz: “Gure institutua basoan dago ia. Oinez, hemezortzi minutu behar dira Altsasuko herritik ikastetxera iristeko. Argiztapen hobea behar dugu, eta bide gorri bat”.
Sakanako Mankomunitateko presidente David Orozek oso gogoeta berezia egin du: “Sakanaren indarguneetako bat da nortasun handiko eskualdea dela, sakandarrak oso sakandar sentitzen direla, eta institutuak, herri guztietako ikasleak elkartuz, komunitate sentimendu hori indartzen du”.
Musikariek protagonismo berezia izan dute saioan. Euskalerria Irratiaren mikrofono fuksien aurretik igaro dira, besteak beste, Zetak taldeko Pello Reparaz, Anita Parker Taldeko eta Gozategi taldeko Iñigo Goikoetxea.
Besteak beste, Pello Reparaz bere azken kantuaz mintzatu da, Bombo Stereo-rekin elkarlanean karrikaratu duen Zoriontasuna. “Ez da erraza izan. Gu hizkuntza txiki batean aritzen gara diskoetxe independente batekin eta bera Sony bezalako multinazional batekin ari da. Dena jada grabatua genuenean, Bad Bunny-rekin kolaborazio bat egiteko aukera atera zitzaion, eta horri lehenetsi dute. Horregatik atzeratu da gurea”, azaldu du.