AEMETeko Nafarroako ordezkari Pello Oriak argi dauka: egunotan Nafarroan pairatzen ari garen suteak aldaketa klimatikoaren ondorio dira. “Baso-suteekin gertatzen ari dena klimaren ikuspegitik espero zitekeena da. Datuak dauzkagunetik maiatzik beroena eta lehorrena izan da, baldintza horiek eragin dituzte suteak, eta baldintza horiek aldaketa klimatikoaren ondorio dira”.
Maiatzaren hasieratik benetako udako tenperaturak izan ditugu, eta gainera lehorte esanguratsua. “Hori gutxi balitz, azken egunotan muturreko bero olatua izan dugu, hego haize indartsuarekin, eta horrek baso-suteak leherkor bihurtu dituzte”, azaldu du AEMETen Nafarroako ordezkaritzako buruak.
Epe laburrera begira, albiste on bat eman digu Oriak: “Ipar haizea sartu da, eta bihar prezipitazioak izan daitezke, txikiak baina prezipitazioak. Hori oso lagungarria izan daiteke suteak itzaltzeko orduan”.
Epe ertainera so, aldiz, albisteak ez dira batere onak: “Udara begira eredu klimatikoek esaten digutena da Nafarroan, Euskal Herrian, Iberian eta Europa osoan anomalia bero eta lehorrak izanen ditugula. Maiatzaren ildo beretik jarraituko dugu, prezipitazio bakarrak ekaitzenak izanen dira. Hori da litekeena”. Oriak azaldu duenez, baldintzek horrela segitzen badute sute arriskuak ez du behera eginen.