Aurreko asteazkenean izan zuten azken bilera, eta atzo eman zenuten jakitera ez dutela Hezkuntzak egindako proposamena onartu. Erabakia hartzea ez zaie zaila egin Eider Gardek Euskalerria irratiari aitortu duenez. “Proposamena tentuz aztertu ondoren, ikusi genuen hainbat gauza ez zeudela ez zeudela ondo. Adibidez, Nafarroako haur eskolen %23ak ez luketela ezer jasoko laguntza kontrataziorako. Soldata igoera ere nahiko kaxkarra da”.
Proposamena “iraingarria” dela esan dute hezitzaileek: “Ikusten dugu beraien proposamena gure ahotsa isiltzera datorrela, eta ez dutela benetako proiektu bat 0-3a kalitatez elikatzeko”. Langileek negoziazio mahai bat eskatzen zutela gogoratu du bozeramaileak, eta dutena koordinazio batzorde bat dela kritikatu du. “Ez dugu aukerarik negoziatzeko”.
Oraindik ez dute deialdirik jaso, baina pentsatzekoa da bihar izanen dutela hurrengo bilera Hezkuntzako ordezkariekin. Proposamen zabalago bat espero dute: “Navarra Sumak parlamentuan sartutako lege proposamenak eskaintza handiagoa ematen digu. Ea gobernuak eskaintza hori berdintzeko gai den”. Atzo, Ramon Alzorriz sozialistak adierazi zuen mugara iritsi dela gobernua proposamenarekin, beraz, badirudi gobernuak ez duela beste proposamenik jarriko mahai gainean.