Goizeko bederatzietan bilera egin dute Nafarroako Gobernuak Garesen paraturiko koordinazio zentroan. Horretan parte hartu eta gero erantzun die Euskalerria Irratiaren galderei Omar Sanchez suhiltzaileen sarjentuak. “Une honetan egoera askoz hobea da atzo baino”, azaldu du, betiere zenbait eremutan arriskua oraindik handia dela nabarmenduz: “Galipentzun ipar haizeak gogor jo du gauean, eta badirudi orain sua herrira hurbiltzen ari dela. Lau hegazkin ari dira hor lanean”. Horretaz gain, “Erreniega eta Arzotz aldean kea ateratzen da leku askotatik oraindik, baina egoera hobea da”.
“Daukagun guztiarekin ari gara”, azaldu du Sanchezek. “Egun arrunt batean, 60 suhiltzaile inguru izaten dira guaria bakoitzeko. Une honetan, 200 ari dira lanean, lankide askok opor egunei uko egin eta gero”, azaldu du. Horretaz gain, “50 ibilgailu, hemengo helikopteroak, kanpotik etorri diren helikoptero eta hegazkinak” martxan dira.
Horrenbeste suterekin, lan egiteko modua ere aldatu behar izan dute: “Normalean su bat itzali eta han geratzen gara, ingurua freskatzen eta kontrol lanetan. Honako honetan ez, orain itzali bezain puntu hurrengora joaten gara, bestela ezinezkoa delako”.