Hendaiako eta Laudioko kanporaketen ondotik, datorren larunbatean jokatuko da II. Señora Sariketako finala. Ekainaren 4an izango da, Leitzako Herri Aretoan,17:00etatik aurrera. Kanporaketa bakoitzetik sailkatutako bi bertsolariekin batera abestuko dute gonbidatu bereziak diren bi ‘señorek’ ere.
Bigarren edizioan, Erika Lagoma Pombar (Lesaka, 1981) eta Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, 1984) izango dira ohorezko bi señorak. Bi ‘señora’ gonbidatuekin batera, oholtzan izango dira Amaia Iturriotz Etxaniz, Ane Labaka Mayoz, Aner Euzkitze eta Sarai Robles Vitas bertsolariak. Olatz Zuazubiskar eta Maria Oses arduratuko dira gaiak jartzeaz.
Aipatutako sei bertsolariekin batera, Herrialde Katalanetatik etorritako glosadore emakumeek ere kantatuko dute finalean; haiena izango da finalari hasiera emateko ardura. Guztira zazpi glosadore gerturatuko dira Herrialde Katalanetatik, Señora Sariketa ezagutzera.
Iaz egin zuten hainbat bertsolarik eta bertsozale feministek lehen ‘Señora Sariketa’, tokiko eragileen eta mugimendu feministako kideekin elkarlanean, bertso plaza berriak sortu eta emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna emateko asmoz.
Leitzako finalerako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean erosi daitezke. Egun osoko egitaraua antolatu dute ekainaren 4rako. Eguerdiko hamabietan kantu-poteoan aritzeko elkartuko dira bertsolari, bertsozale eta antolatzaileak, eta 14:30etan elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute gerturatutakoek. Finala 17:00etan hasiko da Leitzako Herri Aretoan, eta ondoren, gurdi-poteoa ere izango da. Gauean, berriz, DJ Txillardegi eta Lilith Selektah arituko dira Leitzako Atekabeltz gaztetxean 23:30etatik aurrera.