Entzutekoak

Izai Bujanda (ELA): “Aldaketa kosmetikoak egin dizkiote merezimenduen dekretuari, negoziazio irudia emateko”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 16a, 09:48

Euskararen merezimenduen dekretuko behin betiko idazketa aurkeztu die Nafarroako Gobernuak sindikatuei. Hizkuntza eskubideekiko murriztaileak diren puntuak bere horretan mantendu ditu. Ostiralean bildu zen Funtzio Publikoko mahaia, eta landutakoez mintzatu da irratian ELA sindikatuko Izai Bujanda.

Aldaketa gutxi egin ditu Javier Remirez kontseilariaren departamentuak merezimenduen dekretuaren testuan. “Inongo eraginik ez dutenak”, ELA sindikatuko Izai Bujandak salatu duenez. Sindikatuak kritikatu dituen puntuak bere horretan utzi dituzte: “Aurreko zirriborroetan aurkeztu zen bezala, zerbitzu zentralak kendu dira, euskara ez da eremu ez-euskaldunean baloratuko eta eremu mistoan lanpostu batzuetan baino ez da baloratuko”. Egin dituzten aldaketak “kosmetikoak” izan direla salatu du Bujandak. 

Nafarroako Gobernua borondate politikoaren arabera jarduten dela iritzi dio ELA sindikatuak. Dekretuarekin bezala, egonkortze lanpostuen kopurua zehazterakoan interes alderdikoiak gailendu direla uste du. Gobernuak 3.589 lanpostu egonkortzea proposatu du. Baina %54ko behin behinekotasun tasa dago administrazioan, eta ELAk ohartarazi du proposamena ez dela nahikoa horri aurre egiteko. “Administrazioak plazen deialdirik ez egiteko erreposizio tasan oinarritu dira urtetan, baina orain, 20/21 Legeak tasa hori gainditzeko aukera ematen du, eta, beraz, borondate politikoaren kontua baino ez da behin-behinekotasunari modu drastikoan amaiera emango dion deialdi bat egiteko erabakia hartzea”, adierazi du Bujandak. 

Zahar etxeak, greban

Nafarroako zahar etxeetako langileek greba eguna izan zuten larunbatean, seigarrena. Ostegunean bilduko dira aldeak lan hitzarmena negoziatzen jarraitzeko, baina “borondate falta” egotzi die Bujandak gobernuari eta patronalari. Akordiorik lortu ezean greba deialdi gehiago egiteko prest dira ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!