Kontseiluak "nafar guztien eskubideak kontuan hartzeko" kanpaina martxan jarri du

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 10a, 12:41

Kontseiluaren agerraldi bat. Artxiboko irudia

Gobernuak euskararen ezagutza baloratzeko aurkeztu duen dekretu zirriborroa aldatzea posible dela aldarrikatu du.

Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi du "nafar guztientzat eskubideak berma daitezen eskatzeko" Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat kanpainari ekingo diola, urtarrilean Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetako lanpostuak "eskuratu eta betetzeko merezimenduaren balorazioa arautzen duen dekretuaren zirriborroa" dela eta. Gogorarazi dute dekretuak "administrazioko lanpostuetan euskara jakiteari emango zaion garrantzia zehazten" duela.

Urtarrilean bertan, prentsaurrekoan, Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak euren kezka azaldu zuten euskararen dekretua delakoa "atzerapauso onartezintzat" jota, besteak beste "iraganeko gobernuen hizkuntza-politika ilunetan baino atzerapauso handiagoak proposatzen" duelakoan. Gaur igorritako oharrean dekretuaren nondik norakoak eta euskal hiztunengan duen eragina aztertu dute, eta kritikatu "zirriborroak aurrea eginez gero, ia ezinezkoa" izanen dela "herritarrok zerbitzuak euskaraz jasotzea", eta ondorioz "administrazioarekin, medikuekin, erizainekin.... euskaraz egiteko eskubidea eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea larriki urratuko" liratekeela. 

Ezkortasuna alboratua, Kontseiluak uste du "dekretua aldatzeko aukerak" daudela oraindik, eta hori gauza dadin egingo dituztela ahaleginak. Atzerapausoen aurrean, "berdintasuna, justizia eta kohesioa aldarrikatzeko" martxan jarri dute iragarritako kanpaina berria. Lehen pauso gisa "dekretuak herritarren eskubideetan eta ongizatean izango dituen ondorioak eta kalteak gizarteratuko ditu" Kontseiluak. Gero "Nafarroako Gobernuari herritarrek haien eskubideen urraketen berri emateko eskaerak jasotzeko kanpaina" martxan jarriko du eta eragile sindikal eta sozialekin bilera errondari ekingo dio, "beraien babesa eta atxikimendua jasotzeko" asmoz. 

Azken pauso gisa, "dekretuan aldaketak exijitzeko" herritarrak mobilizatzeko aukera "aztertzen ari da Euskalgintzaren Kontseilua". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!