Eider Garde (0-3 plataforma): “Haur hezkuntzako dekretuak ez die haurren beharrei erantzuten”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mar. 2a, 10:33

Aurrenekoz Haur Hezkuntzako etapa osorako gutxieneko irakaskuntzen antolamendua arautuko du Hezkuntza Departamentuak. Plataformak ohartarazi dutenez, kontuan hartzeko hainbat puntu jasotzen ditu dekretuak: 0-3 zikloa bitan banatzeko aukera eta ingelesari parez pare atea zabaltzea, esaterako. 

Nafarroako Hezkuntza departamentuak Haur Hezkuntzako 0 eta 6 urte bitarteko zikloaren irakaskuntzetarako curriculum bat jasotzen duen foru dekretua osatu du. Pauso aitzindaria da, Gobernutik adierazi dutenez, "mugarria". Horrekin bat egin 0-3 plataformak, orain arte ez direlako inoiz arautu etapa osoaren edukiak, helburuak, xedeak eta printzipio orokorrak eta pedagogikoak. 

2 urtekoentzako ikasgelak sortzeko aukera aztertzen ari zirela adierazi zuen Carlos Gimeno kontseilariak, eta dekretuak berretsi du asmoa. Haur Hezkuntzako 0-3 zikloan gutxienez horren urte oso bat hartzen duten ikastetxeetan eskaini ahal izango dela dio dekretuak. Erabakiak haurren eskubideak eta beharrak kontuan hartzen ez dituela uste du Eider Garde 0-3 plataformako kideak. 

Hizkuntza-aniztasuna du helburuetako bat dekretuak jasotzen duen kurrikulumak. Plataformak kezka du puntu horrengatik: “Tristea da baina bidea irekitzen zaio ingelesari. D ereduko eskoletan A eraduari, eta A eredukoetan D ereduari. Baliteke datorren ikasturtean haur eskoletan hiru hizkuntza nahastea”. 

Haurrek gaitasun digitalak eskuratzea ere jasotzen du dekretuak. Plataforma arduratuta dago, 0 eta 6 urte bitarteko haurrek gehiegi erabiltzen dituztelako pantailak gaur egun, eta horrek eragin zuzena duelako haien garapenean. 

Foru dekretuaren edukia, Gobernuaren gardentasun atarian jendaurrean ikusgai jarri dute eta ekarpenak egin dakizkioke. Plataformatik proposamenak lantzen ari dira aurkezteko, nahiz eta ez duten esperantza askorik. “Ez dugu etsiko, eta guk gurea egingo dugu”, adierazi du Gardek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!