Joseba Ezeolaza (CCOO): “Inflazioa igotzen bada, soldatak igo beharko dira. Hori ulertu behar dute enpresariek”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mar. 1a, 09:58

Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua bildu zen atzo. Pandemia betean martxan jarritako 2021-2024 Enplegu Planaren gauzatze-maila aztertu zuten Nafarroako Gobernuak, CENek eta UGT eta CCOO sindikatuek. Balorazio positiboa egin dute. Joseba Ezeolaza CCOO sindikatuko politika sozial eta publikoen idazkariarekin mintzatu gara.

2008ko krisiari aurre egiteko murrizketak ezarri zituen PP alderdiak. Egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko, ordea, neurri sozialak lehen lerroan jarri direla azpimarratu du CCOOeko ordezkariak. Horien artean, dago haren aburuz iaz onartutako Enplegu Plana. "Ikusi dugu Enplegu Planak enplegu-politika aktiboak hobetzen dituela", adierazi du Euskalerria Irratian.

Atzo, Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua bildu zen, Iruñean, eta planaren gauzatze-maila aztertu zuten Nafarroako Gobernuak, CENek eta UGT eta CCOO sindikatuek. %80ko exekuzio teknikoarekin eta % 90eko aurrekontu-egikaritzearekin, balorazio positiboa egin dute. Baina egin beharrekoak nabarmendu ditu Ezeolazak: “Nafarroan paradoxa forala ematen da. Langabe kopuru txikia daukagu, baina partzialitatea, behin-behinekotasuna eta genero arrakala altua da. Beraz, lan kalitatea bermatu eta hobetu behar dugu”.

Nafarroako egoera ekonomikoaren datuak positiboak dira egun, bai enpleguaren hazkundean, bai enpleguaren kalitatean, baita BPGaren eta bilketaren datuetan ere. Hala ere, Ukrainako gerrak zeharka eragina izan dezakeela ohartarazi dute. Eta horrek, bereziki inflazioak, negoziatzen ari diren lan hitzarmenetan. “Enpresariek ulertu egin behar dute ekonomia gora egiten duen momentuan, beraien sakelak bete egin dituztela eta langilegoak murrizketak jasan zituela. Inflazioa %6,5 beharbada %7ra ailegatuko dela dirudi, eta ildo horretan soldatak ere igo beharko dira”, adierazi du Ezeolazak. 
Metalgintzako, ostalaritzako eta eraikuntzako hitzarmenak negoziatzen ari dira egun patronalarekin, eta horietan proposamen hori eramanen dutela ziurtatu du Ezeolazak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!