Aitziber Garmendia (Sortzen): "Euskarak aberastu egiten gaitu"

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko ots. 25a, 09:47

Euskarazko irakaskuntza "hauturik onena" dela nabarmendu du Sortzen elkarteak. Martxoaren 7an zabalduko dute datorren ikasturterako aurre-matrikulazio epea. 

Haurren etorkizuna erabakitzeko une garrantzitsuenetako bat iritsi da, Sortzen elkarteak ohartarazi dutenez. Eredua hautatu behar dute familia askok orain. Euskarazko irakaskuntza hauturik onena dela azpimarratu dute. Zergatik? "Euskarak aberastu egiten gaitu, eta gure herrira bizitzera etortzen diren herritarrak ere aberastu egiten ditu", azaldu du Aitziber Garmendiak Euskalerria irratian".

Kalitatezko hezkuntza aldarrikatzen du elkarteak: "Hasteko, belaunaldi berriei, bizi eta barnebiltzen dituen komunitatearen baitatik munduari irekita, eta bizitzan zehar garatu daitezen tresnak lantzen lagunduko dien hezkuntza; sormenerako eta eraldaketarako bitartekoak eskainiko dizkien hezkuntza; sentitu, pentsatu eta ekinez pertsona askeak bilaka daitezen ahalbidetuko duen hezkuntza". 

Bermatu behar den eskubidea da euskarazko irakaskuntza, Garmendiaren iritziz. "Oraindik orain, Nafarroa Garaiko herritarroi hizkuntza eskubide ezberdinak aitortzen zaizkigu bizi garen tokiaren arabera. Ondorioz, gure seme-alaben hizkuntza eta hezkuntza eskubideak ez daude bermatuak Nafarroako lurralde zabalean. Gure hezkuntza sistemak aukera berdintasuna bermatu beharko luke, baina oraindik urrun gaude egoera horretatik", ohartarazi du.

Sortzenek ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskolaren aldeko apustua egin du. "Euskaldunduko duen eredu bakar baten aldeko apustua, hain zuzen ere". Eta horrek, murgiltze ereduaren ezarpenerako plangintza integrala eskatzen duela diote. "Administrazioen aldetik, ahalegin berezia egitea eskatzen dugu".

Pandemiak eta krisiak hezkuntza sistemak dituen gabeziak utzi ditu agerian, elkartearen iritziz; eta horiek aldatzera deitu dute, baliabideak eskainiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!