Mikel Mundiñano (Sare): “Kalera atera behar dugu Izadiren aita berriz espetxeratzea onartezina dela esateko”

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 17a, 13:58

Iñigo Gutierrezi hirugarren gradua kentzearen aurkako elkarretaratzeak eginen dituzte gaur, hilak 17, 19:30ean, Burlatako Askas plazan, eta bihar, hilak 18, Iruñeko Merindadeen plazan, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean.

Fiskaltzak hala eskatuta, Auzitegi Nazionalak 3. gradua kendu dio Iñigo Gutierrez presoari, eta atzera bueltan 2. graduan espetxeratu du. Hala, haren eta Maria Lizarraga presoaren alaba, Izadi Gutierrez Lizarraga, kalean geratu da, aita eta ama gabe. Izadi amarekin bizi izan da espetxean, baina urtarrilaren 23an hiru urte bete zituelarik amarengandik banandu zuten.

Nola hartu duzue Iñigo Gutierrezen gradu aldaketaren albistea?
Nik uste dut salatu egin behar dela Fiskaltzaren erabakia. Gure ustez erabaki hori beste urrats bat da gure herrian bizikidetzarako bidean oztopoak jartzeko. Jarrera horren oinarrian irizpide politikoak baino ez daude. Gainditu behar diren eta gainditu nahi ditugun etapetara garamatzate horrelako erabakiek.

Badago helegitea aurkezterik, badu bueltarik?
Badu, baina esan behar duguna eta salatu behar duguna da Iñigok baldintza guztiak betetzen dituela 3. graduan egoteko. Gogoratu behar dugu 2019tik zigorraren 3 laurdenak beteak dituela eta hemendik bost hilabetera kondena osoa ere betea izango duela. Eta gainera kontutan hartu behar dugu Iñigoren 3. gradua igarotzeko arrazoien artean bere alaba zaindu behar izana dagoela. Izan ere, denok dakigun bezala, hiru urte bete ondoren, bere amarengandik banatu zuten Izadi. Urtarrilaren 23an espetxetik atera zen bere aitarekin batera. Eta momentu honetan erabaki honen ondorioz kalean geratuko dela Izadi bere ama eta aita gabe. Iñigoren eta umearen eskubideak urratzen ari dira, lotsagabeki.

Larrigarri bezala aipatuko dugu bi gurasoak espetxeraturik zeudelarik, sekulako trabak jarri zizkiotela Iñigo Gutierrezi alabarekin egoteko eta hartara alaba amarekin hazi dela. Aita eta alaba  binkuloa, lotura sortzen ari zirenean heldu da erabaki hau.
Hori da momentu honetan salatu behar dena. Iruditzen zaigu ezin dela onartu, ez dela onargarria horrelako egoera bat. Eta azken batean beste euskal preso baten bere herrira itzultzeko eta bergizarteratzeko eskubidea urratu dute nabarmenki. Azken batean, gu esaten ari garena eta euskal gizartearen gehiengo zabalak partekatzen duena  da konponbidean bizikidetzan eta bakean aurrera egin behar dugula. Testuinguru horri nolabait Auzitegi Nazionalak berriz ere uko egiten dio horri. Euskal gizarteak halako salbuespen neurriak arbuiatzen ditu. ETA desagertu zenetik hamar urte igaro diren honetan, ez dauka inongo zentzurik. Salagarria da. Ezin dugu onartu. Kalera atera behar da, eta horretarako mobilizazioak planteatu ditugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!