Kostata, baina merezimenduen dekretua Funtzio Publikoaren Mahaira iritsi da, Javier Remirez Funtzio Publikoko kontseilari eta lehendakariordearen eskutik. Hartan argi-itzalak ikusten ditu Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, baina Metropoli Forala saioan balorazioa egiteko tenorean gehien nabarmendu duena izan da diskriminazio egoera bat konpontzeko balio izan duela.
Nola baloratzen duzu merezimenduen dekretuaren zirriborroa?
Uste dugu aurkeztutako zirriborroa aurrerapen partzial bat dela, Eremu Mistoan gaur egun dagoen diskriminazio egoera partzialki konpontzen duena. Eremu Mistoan euskara une honetan ez da baloratzen ari, eta beste hizkuntzak, atzerrikoak, bai. Dekretu honekin irtenbide partziala lortzen da. Hori besterik ez da, baina diskriminazio egoera bat konpontzen du, aurreko arauaren aurkako epaiarekin epaileek sortu zutena.
Bestalde, ezaguna da gure jarrera kritikoa eremu ez euskaldunean euskara ez baloratzeko erabakiarekin. Ulertezina egiten zaigu gure hizkuntza Nafarroako eremu batean ez baloratzea, beste hizkuntza batzuk baloratzen direnean.
Gogorarazi nahi nuke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententziaren ondoren sortu zen egoera jasanezina. Dekretu honekin egoera hori partzialki gainditzen da.
"Ulertezina egiten zaigu euskara, gure hizkuntza, Nafarroako eremu batean ez baloratzea, beste hizkuntza atzerritar batzuk baloratzen diren bitartean".
Javier Remirez kontseilariak asko atzeratu du dekretuaren auzia. Orain aurkeztu du eta tramitazioa foru hauteskundeen atarian amaituko da. Atzo Euskalgintzaren Kontseiluko buru Paul Bilbaok gure mikrofonoetan zioen etekin elektorala atera nahi diotela auzi honi. Zuri zer iruditzen zaizu PSNren jokaera?
Guk bi urte eman genituen honetan lanean. Azken pausoa zen eremu ez euskaldunari buruzko desadostasuna. Guk hor euskara baloratu nahi genuen eta hala planteatu genuen. PSNk ezetz esan zuen. Eta hor aste batzuk eman genituen eztabaidatzen. Negoziazio hori maiatzean amaitu genuen, eta erabaki genuen gure aldetik aurrera eramatea dekretua, nahiz eta eremu ez euskaldunean eginen zena kritikatu. Egia da zirriborroa mahaian bospasei hilabete egon dela eta orain atera dela. Guk lehenbailehen ateratzea eskatu genuen. Nahiz eta berandu atera, inportantea da hori aurrera ateratzea.
PSNren jarrerarekin ez gaude ados, ezin dugu konpartitu Nafarroako eremu batzuetan frantsesa, ingelesa eta alemana bezalako atzerriko hizkuntzak baloratzea eta bitartean gure euskara ez baloratzea. Egia da bospasei hilabete egon zela zirriborroa PSNren mahaian eta orain arte ez dela atera. Guk ateratzea eskatu genuen. Baina hor ez dugu kritikarik egin nhai. Nahiz eta irtenbide partziala izan, azkenean kasu gehienetan euskara baloratuko dute.
Tramitazioari dagokionez zalantza teknikoa: dekretuaren tramitazioa Funtzio Publikoko Departamentuaren esku geratu den honetan, zirriborroa zure ardurapean dagoen Euskararen Nafar Kontseilutik pasako al da?
Ez dakit. Orain ikertzen ari gara. Dekretua Funtzio Publikoko Departamentuarena da, finean arauak finkatzen direlako langileak funtzio publikoan sartzeko, edo barruan lehiaketen bidez mugitzeko. Orain ikertu behar dugu Euskararen Nafar Kontseilutik pasa behar duten edo ez.
Astelehenean, parlamentuan, dekretuaren zirriborroaren aurka azaldu ziren, zineten, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerra. Atzo Paul Bilbaok esan zigun alderdiek gai hau erdian jarri beharko luketela marra gorri moduan, bestelako auzien negoziazioetan. Zure ustez, zer egin beharko lukete alderdiek?
Nik ez dut esanen zer egin behar duten alderdiek. Alderdi politiko bakoitzak baloratu beharko du gai horren inguruan bere burua non eta nola kokatzen duen. Nik ez dut aipatuko honen edo bestearen jarrera zein izan behar den. Baina guretzat, Geroa Bairentzat, argi dago konponbide bakarra dela Euskararen Legea aldatzea. Bestela herritar batzuen eta besteen artean aldea egotea dakarren zonifikazioak indarrean segituko du, eta zonifikazio horrek desagertu beharko luke, euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin. Bitartean petatxuak jar ditzakegu bakarrik. Baina, egia esan, parlamentuan ez dago kontsentsurik, ez pasa den legealdian ezta honetan ere, lege hori aldatzeko. Hor dago koska.