Atzo merezimenduaren dekretuaren urgentziazko balorazioa egin eta gero, gaur Euskalerria Irratiko Metropoli Foralean izan da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao. Haren edukia ikusirik, argi dauka ezinbestekoa dela euskaltzaleek haien desadostasuna eta haserrea adieraztea mobilizazioen bitartez, betiere dekretuaren tramitazioa iraunen duen lau hilabeteko epearen hasieran "kartutxo guztiak erre gabe".
Atzoko balorazioa hitz bakar batekin laburbildu zenuten: onartezina. Horren txarra al da?
Bai, eta gainera agerraldian bertan beste hitz bat erantsi genion, esan genuen atzerapauso onartezina dela. Kezkaz ikusi dugu zer gertatu den dekretu honekin, alde guztietatik. Lehen azterketa eginda, iruditzen zaigu 2009an UPNk onartu zuen dekretuarekin konparatuz gero, atzerapauso batzuk planteatzen direla. Horrexegatik uste dugu honi nola aurre egin aztertu behar dugula, badugu denbora eta.
2017ra arte indarrean izan zen UPNren dekretu horrekin alderaturik, zertan egiten da atzera?
Guk hiru elementu detektatu ditugu. Lehenik eta behin, orduko dekretuak ezartzen zuen legeak ezarritako eremu mistoan lanpostu guztietan euskararen ezagutza gutxienik %3 baloratuko zela. Badakigu %3 oso gutxi dela, baina gutxienez errekonozimendu hori egiten zitzaion euskarari. Eta gero ezartzen zen lehentasunezko lanpostuetan, herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan, hor %6 baloratuko zela. Oraingo dekretuak mantentzen du herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan %6 baloratuko dela, baina gainerakoetan ez da euskararen ezagutza baloratuko. Lehen gutxi, orain gutxiago.
"Plangintza eta baliabideetan ez, baina arautegian egungo hizkuntza politika eta UPNrena parekagarriak dira".
Bigarren puntuan, lehentasunezko lanpostuak zeintzuk diren definitzerakoan, 2009an halako zerrenda bat egin zuten: kazetariak, gizarte langileak eta abar… Oraingoan, orduko bi ez dira agertzen. Bat da museoko zaintzailea. Badakigu museo zaintzaile asko ez dela egongo, baina hori desagertu da bat-batean. Eta bestea, eta horrek bai kezkatzen gaitu, administrari laguntzailea da. Orain administrariak bakarrik agertzen dira. Administrari laguntzaileak administrazioan lanpostu gehien betetzen dituzten langileak dira.
Eta hirugarrena, eta hau eskandaluzkoa da, ea zer gertatuko den legeak ezarritako eremu euskaldunarekin. 2017ko dekretuak ezartzen zuen bertan euskararen ezagutza baloratuko zela %10 edo %11, lehiaketaren arabera. Baina herritarrekin harreman zuzena zuten lanpostuetan, %20-%23 buelta horretan. Afera da auzitegiak ez zuela artikulu hori baliogabetu, eta orain aurkeztu duten zirriborroan bakarrik agertzen da legeak ezarritako eremu euskaldunean balorazioa izanen dela %11-%12. Hor jakin nahi dugu zer gertatu den %20-%23 horrekin, aintzat hartuz auzitegiak ez zuela hori baliogabetu, hain zuzen ere euskara ofiziala delako.
Hiru puntu horiez gain, beste totem bat aipatu zenuten.
Horiek dira hiru elementu nagusiak, baina gero badago beste bat, totem bat dena, eta da ea nola uler daitekeen euskararekin zonifikazioa aplikatzea eta ingelesarekin, alemanarekin eta frantsesarekin inolako zonifikaziorik ez aplikatzea eta beraz edozein lanpostutan hizkuntza horien ezagutza baloratzea.
Atzo foru parlamentuan Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerra zirriborro honen aurka azaldu ziren. Zuen irudikoz, zer egin beharko lukete? Zer eskatzen diezue
Lehenik eta behin, pentsatu behar dute. Guk ulertzen dugu ez dela erraza. Terminoa oso gustukoa ez dudan arren, iruditzen zait hau bai dela marra gorri bat. Guk ez genuen orain planteatuko, inondik inora, lanpostu guztietan euskararen ezagutza derrigorrezkoa ezarriko duen dekretu bat negoziatzea, edo hori edo ezer ez planteamenduarekin. Baina iruditzen zaigu honek berresten duela UPNk bere garaian jarritako hizkuntza politika basati hori. Alderdiek zer tresna erabili behar duten? Beraiek ikusi beharko dute nola eragin behar duten, gutxieneko hau, gutxieneko batez ari baikara uneoro, bermatzeko. Alderdi politikoek beste hainbat gauza negoziatzen dituzte. Pentsatzekoa da urte osoan zehar beste hainbat negoziazio izanen dituztela beste hainbat lege, arau, dekretu eta abarrekoetan, eta gure ustez gai hau kokatu beharko lukete erdigunean eta marra gorri gisa.
"Negoziazioetan katazuloan ileak utzi behar izaten dira: batzuek melena osoa berdin daramate eta beste batzuk burusoil geratu dira".
Parekagarriak iruditzen al zaizkizu UPNren garaietako hizkuntza politika eta egungoa?
Hizkuntza politika ez, baina araudia, honek aurrera jarraitzen badu, bai. Hizkuntza politika batek baditu hiru zutabe: araugintza, plangintza eta baliabideen atala. Aurten ikusi dugu baliabideen atalean aurrekontuetan gehikuntza batzuk izan direla, besteak beste, helduen euskalduntzean, hedabideetan, elkarteetan. Zalantzarik gabe hori ez da konparagarri UPNk bere azken urteetan garatzen zuen politikarekin, zeinean euskararekin loturiko edozein ekimen diruz ez laguntzeko erabakia hartu zuten. Plangintza, Euskararen II. Plan Estrategikoa, aurrekoan eztabaidatu genuen Euskararen Nafarroako Kontseiluan, eta UPNren garaian plan espliziturik ez zegoen, beren plana bazuten ere. Egia da beste alorretan ezberdintasunak daudela, baina araudiaren esparruan bai alderagarriak dira. Eta iruditzen zaigu hizkuntzaren prestigioari dagokionez, ikuspegi sinbolikotik bada ere, euskara frantsesaren, alemanaren eta ingelesaren azpian jartzeak baduela eragina bai komunitatearen autopertzepzioan baita gizartea osoaren pertzepzioan ere.
Mobilizazioak antolatzeko aukera ez duzue baztertzen. Noiz, nola hartuko duzue erabakia?
Egia da bagenekiela bazetorrela. Aurreikusten genuen eremu mistoan zer egiteko asmoa zuten, eta eremu ez euskaldunean zer egin asmo zuten, baina nik eremu euskaldunekoak harritu nau, eta ongi aztertu nahi dugu, ea 2017ko dekretuko artikulu horrek indarrean jarrai dezakeen. Harritu gaituen beste gauza bat da orain arte beste departamentu batetik kudeatu dela dekretu hau, eta orain bat-batean Funtzio Publikoko kontseilariaren bidez kudeatu da. Ez dakigu honek zer eragin izanen duen, Euskararen Nafarroako Kontseilutik pasako den eta abar. Gu orain ari gara aztertzen ea zein izanen diren epeak. Oraingoz ezagutzen dugun epe bakarra da sindikatuek hamabost eguneko tartea daukatela haien ekarpenak egiteko. Harremanetan jarriko gara sindikatuekin egoera partekatzeko, eta gero ikusiko dugu zeintzuk izanen diren urratsak. Lauzpabost hilabeteko epealdi batez ari bagara, ez ditzagun kartutxo guztiak erre hasieran. Atzo aukera aztertzen ari ginela esan nuen, baina uste dut beharrezkoa izango dela gutxienik erakustea gizartean desadostasun bat dagoela.
"Euskalgintzarekin ez ezik sindikatuekin eta alderdiekin mintzatuko gara, mobilizazioak prestatzeko".
PSN ez ote dagoen oso eroso desadostasun horrekin.
Euskalerria Irratiko entzuleek nire azken kolaborazioan ongi entzunen zuten bezala, adarra jotzen ari zaizkigun sentsazioa dugu. Guk bagenuen sentsazioa PSN ari zela hau guztia atzeratzen hauteskundeak hurbilago egon zitezen atarramendu elektoral handiagoa ateratzeko. Ez dago zalantzarik horretan. Horregatik atzeratu dute horrenbeste. Azken finean, behin eta berriz aipatu zaigun desadostasun hau da hasieran zegoen desadostasuna. Bi urte joan dira. Zein negoziazio izan da alderdien artean, kontuan hartuta zein izan den aurkeztu den proposamena? Argi dago balantzak alde batera egin duela. Normalean negoziazio batean katazuloan ileak utzi behar dira. Batzuek melena osoa berdin-berdin daramate, eta beste batzuk burusoil geratu dira. Argi dago PSNk hau erabiliko duela bere atarramendu elektorala puzteko. Baina egia ere bada guk hau salatu egin behar dugula. Uler daiteke PSNk batez ere Nafarroako hegoaldean esatea: "Begira, guk azken finean zuen interesen alde egiten dugu, euskaltzaleak haserretzen zaizkigulako". Baina halere guk gure haserrea azaldu behar dugu. Horregatik aipatzen genuen hitz egin beharko dugula ez bakarrik euskalgintzarekin, baizik eta halaber eragile sindikalekin, alderdiekin, ea guztion artean bakoitzak bere eremutik zerbait eginez aukera daukagun hau aldatzeko.