Espainiako Apezpikuen Konferentziak aitortu du 1998tik 2015era Nafarroan Eliza Katolikoak egindako 74 inmatrikulazio ez zirela egokiak izan. Horretaz mintzatu gara Metropoli Forala saioan Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kide Joxe Mari Esparza Zabalegirekin.
Hau kasualitatea: 74 ondasun horietatik 50 jada ez daude Artzapezpikutzaren esku saldu egin dituelako.
[Barrez] Bai, bai. Horregatik inmatrikulatu dituzte horrenbeste gauza. Hasieratik esan genuen inmatrikulazioek balio dutela alokatzeko, saltzeko, edo agintzeko: eliza guztiak ixteko oraintxe dauzkaten moduan. Batzuk saldu dute eta gehiago salduko dituzte. Inmatrikulazioek dirua egiteko balio dute, besterik ez.
74 ondasun modu ezegokian inmatrikulatu dituztela aitortu dute, baina halaber epe horretako gainontzeko 956ak ontzat jo dituzte. Zer iruditzen zaizu?
Inmatrikulazioak ongi egongo dira legearen arabera. 1998an, Aznarren gobernuak, inori kontsultatu gabe eta oposizioa jabetu gabe, baimena eman zion Elizari inmatrikulatzeko Francok inmatrikulatzea debekatu zuena. Hogei euro ordainduta edozein gauza beregana zezaketen. Hogei euro ordainduta Iruñeko Katedrala inmatrikulatu zuten, adibidez. Legeak horretarako aukera ematen zien. Eta lege horren arabera, jakina, ongi eginda egonen da. Baina 1978an Espainiako Konstituzioa onartu zutenean, oso argi utzi zuten badagoela botere banaketa. Eta, hori horrela, apezpiku bat ez da nor gauzak horrela inmatrikulatzeko. Horregatik, inmatrikulazio horiek guztiak zuzenbide ikuspegi batetik erabat ezdeusak dira, gerora konstituzioaren aurkakoak direlako.
Arazoa da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia ez dela bat egiten ari ikuspegi horrekin, eta udalek aurkezturiko helegiteak atzera botatzen ari dela: Uxue, Otsagabia...
Hori harritzekoa al da? Ez dugu ikusi zer esan zuten auzitegi horretako epaileek Manadaren auziarekin edo euskararen aurkako epaiekin? Ez al dakigu nolakoa den jende hori? Dena dela, Europara iritsi diren kasuetan epaiak udalen aldekoak izan dira, eta oso gogorrak gainera Estatuaren kontra, esan baitute inmatrikulazioak zirela Europako arautegiaren urraketa masibo eta jarraitua. Arazoa da Elizak badakiela judikaturaren hainbat estamentutan aldeko jendea duela. Eta Europaraino iristea oso luzea eta garestia dela udal txikientzat. Gainera, 100.000 ondasun inmatrikulazio dituzte. Ezinezkoa da auziak banan-banan eramatea Europara.
Gauzak horrela, Apezpikuen Konferentziak zergatik aitortu du orain 74 inmatrikulazio ezegoki horiek Nafarroan, 1.000 estatu osoan?
Hor badago tira-bira bat gobernuaren eta Elizaren artean, eta kromoak trukatzen ari dira beraien artean. Uste dut gobernua inmatrikulazioen auzia erabiltzen ari dela kromo moduan, beste gauza batzuen truke: hezkuntza, eutanasia... Oso kontraesankorra da. Presidente karguaz jabetzerakoan, Sanchezek esan zuen inmatrikulazio guztiak berreskuratu behar zirela. Gero, aldatu zuen eta esan zuen lehenik eta behin zerrenda egin behar zela. Eta orain ez duela eginen dio. Bitartean, beti egon da negoziazio paralelo bat. Garai batean, kontua zen Franco boteretik kentzerakoan Elizak oztoporik ez jartzea. Orain, bestelako gauzak dira. PSOE badakigu nolakoa izan den beti. Orain uste dugu zera pentsatu dutela: "Pausotxo bat emango dugu, zuk aitortzen duzu zerbait gaizki dagoela, mila inmatrikulazio gaizki daudela adibidez, eta ea horrela estaltzen dugun eskandalua". Halere, aitorpen interesgarria da. 1.000 aldiz hanka sartzea asko da. Bide bat zabaltzen digu. Baina zergatik 1.000 eta ez 10.000? Aztertu behar dira banan-banan 1.000 inmatrikulazio horiek. Agian hor erantzuna aurkituko dugu.
Nafarroako Gobernuak zerrenda osatu du, 1900etik 2015era Elizak egindako 2.952 inmatrikulazioekin. Parlamentuaren esku utzi du. Zer gehiago eskatuko zenioke?
Nafarroako Gobernua aitzindaria izaten ari da alor honetan, hasieratik. Oso ondo lotu dugu alkateen mugimenduarekin. Parlamentua nahiko ondo jokatzen ari da. Estatu osoan eredua da. Erkidego asko gure atzetik dabiltza, Nafarroak egiten duenaren zain. Baina halere gauza gehiago egin behar direla uste dugu. Lehena, bete behar da jada hartua dagoen akordio bat, dioena Nafarroako Gobernuak ez diola eman behar euro bakar bat ere Elizari inmatrikulaturiko ondareak konpontzeko: etxeak, elizak, baselizak. Haiek badiote haienak direla, haiek manten ditzatela. Ezin da onartu haien izenean jartzea eta besteok konpontzea. Bigarren kontua da auzitegietan borrokatzen ari diren udalek, adibidez Otsagabia Muskildarekin edo Zangoza baselizarekin, laguntza behar dutela. Europaraino ailegatzeko oso bide luzea egin behar du Zangozako Udalak, eta hor laguntza behar da. Bestalde, Nafarroan baditugu oso leku esanguratsuak, Katedrala edo Uxue, esate baterako, inmatrikulatu direnak. Eta Parlamentuak baditu bitartekoak ikertzeko bakoitzaren historia zein den eta agian auzitegietara zuzenean jotzeko. Udalek beste gauza bat egin dezakete: beren herrietan erortzen ari diren baselizen eta abarren kontura aurri-espedienteak zabaldu, hori baita Elizaren ahulgunea. Ezin dituzte mantendu Nafarroan inmatrikulatu dituzten 3.000 ondasun horiek.Eta gero badago Europako eredua: Portugal diktadura baten pean egon zen. Eta diktaduratik atera zen. Ez diktaduran ez gero ez dute deus inmatrikulatu. Ondasun guztiak publiko izan dira beti. Edonork zalantzak baditu, begira dezala erregistroan udalek zenbat diru ordaindu duten urtero elizak mantentzeko: apaizak, kanpai joleak, arropak, dena ordaintzen zuten. Udaletxeak ez ziren existitzen XVII. Elizetan elkartzen ziren. Herri batzarrak han egiten zituzten. Eskolak ere horietan zeuden. Jendea han lurperatzen zuten. Nokr agintzen zuen elizan? Udalak. Gero udaletxeak egin ziren, eskolak eta abar, eta orduan elizak kulturako geratu ziren. Epaileek hori ederki dakite, baina usucapiona aipatzen dute Elizaren alde.
Nafarroako erakundeak aitzindari izaten ari dira alor honetan, aurretik herri mugimendutik sekulako lana egin duzuelako.
Bai, bai, hor dudarik ez. Kasualitatez Tafallan enteratu ginen lehendabizi eskandalu honetaz. Galdetzen ari ginen zertan ziren herriko elizak, nik asko arakatu dudalako gure herriko historia, eta bat-batean deskubritu genuen inmatrikulaturik zeudela. Gero Uxue, Artaxoa... Lehen momentutik udalak engaiatu genituen. Sekulako mugimendua egin dute eta parlamentua ere bai. Baina gehiago egin behar da eta irtenbide orokor bat lortu behar da, estatu osorako.