Jagoba Manterola Foku agentziako argazkilaria iturendarra da eta Metropoli Forala saioko kolaboratzaile historikoa, erran nahi baita urtetan parte hartu izan duela saioko solasaldi grafikoan. Joan den legealdian Iturengo alkateordea ere izan zen. Gaur, saioko lehen deia hari egin diogu.
Atzo, Iturengo joaldunak puska biltzen aritu ziren. Herrian apenas zegoen kanpoko inor. Egoerak bere haurtzaroko inauteriak ekarri zizkion gogora Manterolari: "Kanpotik etorritako familiaren bat bazegoen, baina gutxi. Gehienak bailarakoak ziren. Plaza ez zen bete hainbeste. Oso lasai joan zen. 70eko hamarkadan nik neuk ezagutu nituen inauterien antzekoak izan ziren".
Manterolak oso gogoan ditu bere haurtzaroko inauteri haiek: "Orduan, Karroza batzuk baziren, gutxi baina baziren. Joaldunak ere bai. Eta jendea etortzen zen baina gutxi. Kulturako jendea etortzen zen. Barojatarrak edo Oteiza bezalakoak. Margolari pilo bat. Bidasoako lurralde hau kulturalki beti izan da erreferentzia bat, mendeetan. Agian horretara itzultzen ari gara, modernitate puntu batekin".
Kanpotarrik gabeko inauteriak nahiago ote dituen galdeturik, Manterolak erantzun luzea eman du: "Duela zenbait urte lan antropologiko bat egin zen hemen. Orduan konturatu ginen astelehen batean Iturenera hamar edo hamaika autobus joaten zirela. Hamar autobusekin herriaren biztanleria bikoiztu egiten duzu. Eta gainera jendea autoz ere etortzen da. Pentsatu behar da hau sanferminen antzekoa dela guretzako. Bakoitza bere neurrian. Baina hirukoiztu egiten dugu aise gure biztanleria. Adibidez, agureentzako arazoa da kalera ateratzea horrenbeste jenderekin. Baina egia da aldi berean xarma ematen diola".
Pandemia aurreko azken urteetan, herrian bi besta mota zirela gaineratu du argazkilariak: "Bi besta mota daude. Bat kanpoan ematen dena. Gaur astelehenarekin Iturenen eta bihar asteartearekin Zubietan emango dena. Eta beste alde batetik herriak egiten duen bere besta. Urtero, egun batzuetan herri ia guztia elkartzen da otorduetan eta. Kanpotik datozenak ongi etorriak dira, baldin eta besta errespetatzen badute, eta normalean errespetatu izan da. Baina beti da arazo bat 500 biztanletik 2.000ra pasatzea egun batean. Guretzako jende andana da".