Ana Ollo: "Eremu ez-euskaldunean hartutako irtenbidearekin ez gaude ados"

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urt. 27a, 11:54

Pozik hartu du Nafarroako Gobernuko herritarrekiko kontseilariak administrazio publikoan lanpostuak lortzeko eta betetzeko euskararen balorazioa arautzen duen foru dekretua onartzeko lehenengo urratsa: "Aurrerapauso bat da". Bihar bilduko da Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra.

Nafarroako Gobernuko funtzio publikoko departamentuak du administrazioan euskara arautuko duen dekretuaren onarpenaren prozesuaren ardura. Hori nabarmendu nahi izan du gaur Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok argudiatzeko zergatik ez diren gaiaren gainean lanean ari: "Ez da euskararen erabileraren dekretua, baizik eta merezimenduaren dekretua baizik, eta hor sartuta dago euskara meritu gisa hartzea. Horregatik funtzio publikoa arduratzen da dekretuaz, funtzio publikoaren gaia delako". 

Bihar eguerdian bilduko da Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra (LAB, CCOO, Afapna, ELA eta UGT). Euskalerria Irratiak jakin duenez, sindikatuek jaso duten gai ordean ez da euskararen dekretua agertzen eta, ohikoan ez bezala, langileen ordezkariek ez dute testua aurretik jaso-

Aurrerapauso handitzat hartu du dekretua onartzeko prozesua abiatu izana: "Askotan eskatu dugu aurrerapauso hori egitea eta batez ere nafar gobernuan onartzea araudi hori". Kontseilaria eta haren alderdia, hala ere, ez daude ados testuarekin. "Eremu ez euskaldunean hartutako irtenbidearekin ez gaude ados", zehaztu du. Dekretuak jasotzen du euskara ezin dela baloratu eremu ez euskalduneko lanpostu publikoen deialdietan. 

Dena den, dekretuak egun dagoen arazoaren zati bat konponduko duela defendatu du. Batez ere, eremu mistoan, "ia-ia admnistrazio lanpostu guztietan" hartuko delako aintzat. "Pentsatzen dugu aurrerapausoa garrantzitusa dela, gutxienez egoera bortitz horrekin bukatzeko. Ez dakit zenbat oposizio eta lehiaketa atera dira, zeinetan ingelesa, frantsesa edo alemaniera baloratzen diren ieta euskara ez. Egoera hori onartezina da".

Euskara gizarte kohesiorako eta bizikidetzarako tresna dela azpimarratu du kontseilariak, eta zehaztu du plan estrategikoaren barruan euskararen alde lanean jarraituko dutela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!