Euskararen Dekretua ostiralean eramanen du gobernuak Funtzio Publikoaren Mahaira

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 26a, 13:16

“Lau hilabete, gehienez sei” beharko dira dekretua indarrean izateko, Javier Remirez Funtzio Publikoko kontseilariak iragarri duenez.

Nafarroako Gobernuak datorren ostiralean aurkeztuko die sindikatuei Euskararen Foru Dekretua. Hala iragarri du Javier Remirez Funtzio Publikoko kontseilari eta foru gobernuko lehendakariordeak, exekutiboaren gaurko bilkuraren ondoko agerraldian, kazetarien galderei erantzunez.

“Ostiral honetarako deitu dugu, gaur bertan, funtzio publikoaren mahai orokorra. Enplegu publikoaren sarbidean eragina duten foru dekretuak onartzeko prozesuaren lehenengo urratsa da.  Ostiralean gai ordenaren arabera, %2ko soldata igoera eta dekretuaren gaia landuko dira”, iragarri du Remirezek.  

Azaldu duenez, “ondoren, funtzio publikoaren mahaiko sindikatuei bidaliko zaie, hamabost egun izanen dituzte helegiteak aurkezteko, eta hortik aurrera ohiko dinamika jarraituko du onarpenak”. Hori horrela, “lau hilabete, gehienez sei” beharko dira dekretua indarrean izateko, betiere kontseilariaren iritziz.  

Dekretuaren edukiaz honako hau aurreratu du: “Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2019ko amaieran ezarri zituen irizpideetara, Foru Hobekuntzara eta Euskararen Legera egokituko da dekretua, aukera berdintasuna bermatzeko eta errealitate soziolinguistikora egokitzeko”.

Dekreturik gabe, 2019tik

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zehazki 2019ko urriaren batean karrikaratu zuen Uxue Barkosen gobernuaren euskararen dekretuari buruzko epaia. Horren bidez dekretuko zenbait artikulu baliogabetu zituen. Zehazki baliorik gabe utzi zituen eremu mistoan, eremu ez-euskaldunean eta Foru Erkidegoko Administrazioko zerbitzu zentraletako lanpostuetan euskara merezimendu gisa baloratzeari buruzkoak, sarrera oposizio-lehiaketa bidez egiten denean. Horren ondotik, Txibiteren gobernuak lan deialdi publikoetan sistematikoki ez dio baliorik eman euskararen ezagutzari ez eremu ez-euskaldunean ez mistoan ezta Administrazioko zerbitzu zentraletakoetan ere. Hori egin duen lehen gobernua izan da.  

Txibiteren gobernuan hasiera batean Ana Ollo kontseilariak hartu zuen bere bizkar euskararen dekretu berria osatzeko ardura, baina gobernuaren barruan Geroa Bairen eta PSNren artean izandako desadostasunen ondotik, Javier Remirez kontseilari sozialistak hartu zuen bere bizkar lan hori.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!