Poeta, musikari, bideogile... Berpizkundeko sortzailea.
Modernitateko sortzailea naizela esango nuke; izan ere, lan honen atzean sekulako lan taldea dago. Hori gabe gauzak gehienak ez ziren posible izango. Duela sei hilabete pentsatu izan banu hainbeste jende izan nezakeela inguruan poema liburu bat bultzatzeko ez nuke sinetsiko.
Kantuaren letra ez da zurea baizik eta egile askorena, max-mix bat.
Ez dago ia bertso originalik. Letrak berreskuratzen ditu liburuan zehar egiten ditudan aipuak. Hor aurki ditzakegu Ezra Poundetik Antonio Gramscira. Edo Juan Ramon Garai bezalako historialaririk gabe halako letra bat ezinezkoa litzateke.
Nortzuek sortu duzue musika?
Buru Ion Celestino egon da, Moises No Duermere-kin. Ahotsean Amaia Espinosa izan da, eta tronboian Adrian Martinez, azkenaldian Chico Roto bezala ezagun dena.
A ze ahotsa Amaiarena.
Bai, eta esan behar da gainera pieza hau egiten ari ginen bitartean guztiok oso gure terrenotik kanpo sentitzen ginela, bai konposizioa egiten ari ginenean, bai Amaiak grabatu zuenean; izan ere, joan gara pop abesti bat egitera, pop popa, besteak beste sortu behar dugun ikus-entzunezko hiruki hori ahalik eta gehien tenkatzeko.
Irudiak norenak dira?
Arriguriak egin ditu eta niretzako luxu bat izan da. Zea Maysen piezarik ederrenak egin dituen taldea elkartu dugu lan honetan Dua Liparen bideoklipean abesten duen pertsona batekin. Ametsezko lana izan da.
Aktoreren bat ezaguna egin zaigu.
Hor daude Anuar Merabet dantzaria eta azken urteotan Iruñerrian drag queen-en eta modaren inguruan sortzen ari den mugimenduko buruetako bat. Bestea Gema Iriarte da. Zizurko antzerki tailerreko aktore izandakoa eta poema liburuan behin baino gehiagotan agertzen den emakumea.
Zuen alabaren ama baita.
Hori bera, bai.
Bideoklipean, irudi eder asko: bandera gorri bat Iruñeko Armada etorbidean barrena, Iruñeko hilerria... Zer dago horien guztien gibelean?
Flash batzuk, liburuaren izpirituarekin lotura daukatenak. Sarritan memoria narratibaren bidez sortzen da, baina beste askotan flashen bidez etortzen zaizkigu gogora objektuak, tokiak, jendea. Eta egin duguna hemen izan da sartu Iruñeko Armada etorbidean, hilerrian, Etxabakoizko autoak garbitzeko gunea.... Bandera gorriarena Xaloa Ramirezi eskertu behar zaio. Nik banuen buruan 68an Berlin Mendebaldeko zine eskolan egin zuten erokeria bat izan zela Korrika moduko bat egitea Berlinen zehar bandera gorri batekin, elkarri pasata. Nik buruan neukan horren bi segundo sartzea. Baina Xaloak esan zuen ezetz, horrekin ez genituela bi segundo eginen, horrekin bideoklip osoa eginen genuela eta hori bihurtuko zela istorioaren funtsezko elementu bat. Hemen sortu diren gauza asko hortik etorri dira, gauza pribatuetatik: guk Etxabakoitzen garbitzen dugu autoa, eta leku hori bideoklipean sartzea erabaki genuen.
Baina gero nik istorioan sartu nahi izan dut Euskal Herrian egin den komiki onenetako bat, tamalez katalogoz kanpo dagoena baina sarean eskuragarri PDF formatuan: Hermes. Distopia bat da. Sexu gerraren ostean, emakume talde batek gizonek genetikoki aldatuta daukaten hermafrodita bat askatzen du. Aitzakia hori hartuta sortu genuen istorio hau. Lau pertsonaia daude: Hermes, Rea, bandera gorria eta Audi A4a.
Liburuan poema bat eskaini diozu auto horri. Izan ere, honen guztiaren ardatzean zure poema liburua dago: Sortaldekoak. Noiz plazaratuko duzu?
Atzo iritsi zen banatzailearenera inprimategitik liburua,eta urriaren 15ean egongo da eskuragarri. Hamabostean aurkeztuko dugu, Donostian, prentsaren aurrean.
Liburua irakurtzeko plazera izan dugu, Ttap aldizkari multimediarako egin dizugun elkarrizketaren kontura. Zure hirugarren poema liburu honetan ahots berri bat erabili duzu, lasaia eta indartsua, bizipen intimo eta gogorretatik abiaturik sentimendu, edo poema, unibertsalak lantzen dituena. Zenbat urte poema libururik plazaratu gabe?
Bederatzi.
Beraz, alimaleko lana egin duzu ahots horren bila.
Bai, funtsean hori izan da. Bidean egiten dituzun gogoeta horietako bat oso lotuta dago ikus-entzunezko pieza hauekin: zuk toki bat okupa dezakezu kasu honetan liburu bat eginez, baina utzi besteei tokia. Hori liburu honetan niretzako irakaspen handienetako bat izan da. Beste batzuei uztea lekua, gauzak zuk baino hobeto egiten dituztelako, nabarmen. Dantzatu, kamera bat hartu, abestu, tronpeta jo... Baina baita kontatzen duzun horretan ere. Bada jendea oso muturreko gauzak bizi izan dituena eta ezin ditu kontatu hilda dagoelako edo ez duelako idazteko ohiturarik. Bai ikusentzunezkoetan bai liburuan ere tokia egin diegu.
Liburuaz luzeago ariko gara, urriaren 15ean eginen dizugun elkarrizketan. Bideokliparekin segituz, nondik sortu da zure poemak gizarteratzeko kantuak eta bideoak sortzeko ideia?
Jolasean, etxean, sarritan pentsatu dugu halakoak egitea. Gertatzen dena da izugarrizko baliabideak behar dituzula. Laguntasuna gainditzen duten baliabideak behar dira gauza hauek txukun egiteko. Pieza hau, adibidez, hamasei milimetrotan grabatu da. Den dena, ehuneko ehunean, pelikularekin. Eta begira ezazue zenbat balio duen hamaika minutuko zinta batek, eta gero errebelatzeak eta abar. Uharte Arte Garaikide Zentroaren lehiaketa batera aurkeztu nintzen eta horri esker ordaindu da orain ikusiko diren hiru pieza horiek. Oso ezberdinak izango diren hiru pieza.
Noiz datoz hurrengo biak?
Bigarrena, azaroan eta hirugarrena abenduan.
Ze une aproposean ari zaren hau guztia egiten, Iruñerrian sormen eztanda betean gaudela, bereziki musikaren munduan. Bete-betean harrapatu duzu.
Urte hasieran, Ibil Bedi-k diskoa atera zuenean, hasi nintzen esaten 2020 ekialdearena zela. Ez dakit oso ongi zergatik. Ez nekien udazkenean liburua ateratzeko moduan izanen nintzen. Eta ez nekien jaso dudan diru-laguntza existitzen zenik ere. Gero Chill Mafia etorri zen, eta gero Tatxers, eta zuzenean entzuten dituzu Broken Brothersek atera behar duen diskoko abestiak eta esaten duzu: hau izugarri da. Bagoaz ikusten oraingoz 2021 ekialdearena dela eta batek daki martxa honetan 2022a ere ez ote den izango. Txantxetan diot. Ez dadila Bizkaiko inor haserretu.
Bitxikeria bat: zuen kantaren hasierak C Tanganaren kanta baten hasieraren antza handia du, Santa Ageda doinuetara ekarri baduzu ere.
Hor badaude zenbait kasualitate. Angiolillok Canovas del Castillo hil zuen Arrasate kanpoaldeko bainuetxe batean, Santa Ageda bezpera batean. Angiolillok Canovas del Castillo hil zuen, besteak beste, hark ehunka anarkista hil zituelako Bartzelonan eta garaiko mugimendu libertarioaren logikan. Kontua da Angiolillok Canovas hil zuenean eta Angiolillo preso hartu eta exekutatu zutenean, Debagoienan shock bat izan zen, eta Angiolillo tradizio politiko oso diferentetako jendearentzat heroi bat bihurtu zen. Horregatik Santa Ageda abestiaren hautua. Gero ere egia da bai Espainiako musikan, Frantziakoan eta Kataluniakoan urteotan folkaren eta poparen arteko uztartze berriak ikusten ari garela. Esanen nuke zentzu horretan Chill Mafia gauza bera dela. Zentzu horretan oso eskura zegoen.