Kantatzar bat, liburutzar bat iragartzeko

Juan Kruz Lakasta 2021ko urr. 1a, 08:05

Sortaldekoak poema liburua plazaratuko du aurki Hedoi Etxartek. Hori iragartzeko Zerua eta sua kantua bideoklip formatuan sareratu du, besteak beste, Ion Celestinorekin eta Moises No Duermerekin elkarlanean. Iruñerriko sormen loraldiaren beste lore bat. Garai ederrak Iruñerrian gaztea eta euskalduna izateko.

Gutxitan entzunen dituzue Broken Brothers taldeko Ion Celestino edo Raperos de Emauseko Moises No Duerme popa egiten.

Hedoi Etxartek jarri ditu horretara, Sortaldekoak poema liburua kantu bidez iragartzeko: Zerua eta Sua,  kantatzar bat liburutzar bat iragartzeko. Eta ez da azkena izanen, segidan beste hiru bideoklip etorriko dira eta.

Lehendabizikoan, C Tangana eta Santa AGeda doinuak uztartu dituzte, eta bandera gorria ikusi dugu Iruñeko Armada etorbidean, baita Iruñeko hilerrian ere. 

'Sortaldekoak', urriaren 14an

Sortaldekoak liburua urriaren 14an aurkeztuko du Etxartek. Aurretik irakurtzeko aukera izan dugu. Bere hirugarren poema liburuan Etxartek ahots lasaiago eta halaber indartsuagoa lortu du. Bizipen intimo eta gogorretatik abiaturik sentimendu, eta poema, unibertsalak sortzen dituena.

Liburu puska. Akaso ikusentzunezko artefaktuek janen dutena. Izan ere, Iruñerrian bizi dugun sormen erupzioaren protagonistarik ahalmentsuenetakoekin elkartu da Etxarte kantuok eta bideook sortzeko (baita Iruñerritik kanpoko baten batekin ere): Ion Celestino, Moises No Duerme, Amaia Espinosa, Adrián Martínez Arriguri, Xalba Ramirez, Claudia Chocarro.

Uharteko Arte Garaikide Zentroaren diru laguntzari esker, gainera, sortzaileoi bitarteko duinak eman ahal izan dizkie. Fruitua entzungarria bezain ikusgarria da.

Iruñerriko gazteak (eta ez horren gazteak) indartsu dabiltza

Maiz errepikatzen dugu azkenaldian Iruñerriko gazteak indartsu, sasoiko dabiltzala. Urrutirako joan gabe, atzo Metropoli Foralean egin genuen , Gureak Egin Kultur Laborategiko Ion Celestinorekin eta Aritz Ibañezekin izan genuen solasaldian.

Loraldia bereziki indartsua da Iruñerriko musika eszenan: Chill Mafia, Ibil Bedi, Txatxers, Broken Brothers bera. Aipatzekoa da mugimendu horren gibelean, itzalean, apaltasunez, Ion Celestinok jokatu duen aitaponteko rola. Baina loraldia musikaz harago doa. Literaturan, konparaziora, editore lanetan ari dira Garazi Arrula eta Uxue Razkin. Artedraman, ezin Iruinkokoaren inguruko fenomenoa ahantzi. Eta euskalgintzan, Laba elkartearen erupzioak sarri hartuko du Gazteluko Plaza.

Atzoko solasaldian Celestinok sormen mugimendu honen guztiaren berezitasun bat azpimarratu zuen: euskararekin erlazio askotarikoak dauzkate, baina denok euskara barneraturik daukate, eta hartara euskaraz naturalki sortzen dute, ez euskara salbatzeko baizik eta euskaraz gozatzeko. Aurreko belaunaldiek ezbezala.

Garai zoragarriak Iruñerrian gaztea eta euskalduna izateko. Inbidiaz diot, jakina.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!