Nolakoa izango da ikastetxeetara itzulera?

Euskalerria Irratia 2021ko abu. 26a, 09:58

Nafarroako ikastetxe eta institutuek 2021-2022 ikasturtean jarraitu beharko duten protokoloa Hezkuntza Departamentuak maiatzean iragarritako bera izango da; hala jakinarazi zuen atzo Carlos Gimeno kontseilariak, atzo. Neurriak iazkoen antzekoak izango dira, salbuespen batzuekin.

Eskolak irailaren 8tik 10era bitartean hasiko dira. Lehen hilabetean ordutegi jarraitua izango dute, eta handik aurrera, agertokiz aldatzeko aukera emango duten bi une daude: bata urriaren lehen hamabostaldikoa eta bestea gabon ostekoa. Bigarren horretatik aurrera, zentro bakoitza COVID-19aren aurretik zuen jardunaldira itzultzeko aukera egongo da, betiere egoera epidemiologikoak ahalbidetzen badu.

Hauek dira neurri nagusiak:

  • Jardunaldi jarraituari eutsiko zaio, gutxienez, irailean. Eskolara sartzeko unea ezin izango da 09:00ak baino lehen izan, ezta irteera 14:00ak baino beranduago ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen kasuan. Bigarren Hezkuntzan, 08:00etatik 15:00etara osatuko da jardunaldia.
  • Sarrerak eta irteerak hainbat tokitatik egin beharko dira, ahal denean irakasleek kontrolatuta. Ateak irekita egon beharko dira eta pertsonen arteko segurtasun distantzia bete beharko da.
  • Maskara derrigorrezkoa izango da 6 urtetik aurrera. Haur Hezkuntzako ikasleek (3-6 urte) ez dute erabili beharko ikasgeletan, jolastokian eta horretarako bidean, baldin eta bizikidetza egonkorreko taldeen bereizketa bermatzen bada.
  • Autobusean arauak mantenduko dira eta beti eserleku bera erabiliko da. Arrazoi justifikatuengatik maskara erabiltzen ez duten haurrek bi metroko distantzia gorde beharko dute gainerakoekin.
  • Ikasgelan, bakoitzak mahai bat izango du. Aurreko ikasturteko ratioak mantenduko dira: 20 ikasle gela bakoitzean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, eta 30, berriz, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Bakoitzak mahai bera izango du beti, eta ikasgela egunaren hasieran eta amaieran eta klaseen artean aireztatu beharko da, gutxienez.
  • Positibo bat izanez gero,protokoloa berdina izango da: gelan kutsatu bat dagoenean, haur guztiek etxean isolatuta egon beharko dute; PCR proba egin beharko dute, eta beste bat hamar egunera.
  • Bazkaria aire zabalean hartuko da. Barruan hartzea beste aukerarik ez dagoenean, leihoak ireki beharko dira espazioa aireztatzeko.
  • Jolas orduan kontaktu jolasak baimenduko dira. Osasun agintariek onartzen badute, intzidentziaren arabera, ikasturte bereko taldeen arteko elkarrekintza onartuko da, batez ere aire zabaleko jardueretan.
  • Jantokian, haurrak txandaka sartuko dira, bereizita egongo dira, eta ibilbidea seinaleztatuta egongo da. Horretarako tarterik ez dagoenean, gelan bazkalduko da, helduen ikuskapenarekin. Bilketaren unea mailakatua izan behar da, eta txanda bakoitzaren artean aireztatu, garbitu eta desinfektatuko da. Ikasle bakoitzak eserleku bera izango du beti, eta ezin izango da janaria partekatu, ezta mikrouhin labe komun bat erabili ere. Bizikidetza talde egonkorren arteko urruntasuna errespetatuko da.
  • Egokitzapen aldian haur bakoitza pertsona bakar batek lagundu ahal izango du, eta pertsona hori aldatu ahal izango da egokitzapen aldian. Helduak maskara erabili beharko du eta ez izan koronabirusarekin bateragarria den sintomarik. Haurren siestetan, koltxonetak elkarren artean bi metro bananduko dira. Haurrak alboko kideen kontrako noranzkoan etzango dira. Izarak eta burkoak etxetik eramango dira eta gutxienez astean behin ordezkatu beharko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!