Ikasturteko protokoloa bera sortzeko modua desegokia izan da sindikatu abertzalearentzat. Izan ere, hezkuntza komunitatearekin harremanean diseinatu den arren, hori ondoren ez da gorpuztu azken emaitzan, Iñigo Orellak salatu duenez.
Eskola jardunaldiaren afera zen zalantza gehien pizten zituena 2021-2022 ikasturteari begira; azkenean ordutegi jarraiarekin hasiko da, baina aukera egongo da egokitzeko, bi unetan: urriaren lehen hamabostaldian eta bestea gabonen ostean. Hain zuzen ere, erabaki hori da sindikatuak gehien kritikatu dutena.
LABen iritziz, jardunaldi bat edo beste edukitzeak ez luke pandemiaren araberako zerbait izan behar, baizik eta hezkuntza komunitate bakoitzaren erabakiaren araberakoa. Hala adierazi du Orellak: "Hezkuntza komunitate bakoitza izan beharko litzateke erabakiko lukeena zer jardunaldi mota nahi duen, inongo inposiziorik gabe". Ikasturteko bi unetan aldatu ahal izateko aukera ere desegokitzat jo du: "Sekulako kalapita suposatuko luke antolakuntza aldetik".
Gela barruetarako ezarritako neurriak "zorrotzak eta zurrunak" direla kritikatu du, bestetik, Orellak, eta horiek ezartzeko baliabide falta dagoela. "Neurriak ezartzeko pentsatu dute segurtasunean, eta ez osasunean. Haurrek dauzkate beren beharrak: elkarrekin egon, ukitu… Eta protokoloa zuhurtziegia da. Madriletik markatzen dituzten jarraibideak jarraitzen ari dira, berrikuntzarik gabe, eta malgutze aldera egin beharko zen, ikasle eta langileen beharrak erdigunean jarriz eta kontuan hartuz".
Eskolaz kanpoko jarduerak seguruenik ez dira egingo, eta LABen ustez garrantzitsuak dira, eta ikasleen behar pedagokiko eta afektiboen mesedetara erantzunez, antolatu beharko liratekeela uste du.
Azkenik, iazko ratioei eutsiko diete, eta hori erabaki ontzat jotzen du sindikatuak, baina eznahikotzat jotzen du; ratioen jeitsiera orokortzeko, baliabideak ugaritzeko, eta diru partidak eta ratioak etorkizunean sendotzeko premia nabarmendu du.