Artista, ikasle, sortzaile eta garbagileak. Talde anitza biltzen ari da egunotan arratsaldez, Uharteko arte garaikidearen zentroan. Litografiaz ikasi eta tekniketan sakondu nahi dute eta Iñaki Rifaterrak lantegi esperimentala prestatu du haientzat.
Uharte zentroko laborategi teknikoak erabiltzen ari dira, eta ostegunera arte izanen dira horretan. Antzeko tailer batean ezagutu zuen Rifaterrak litografia. Artelekun, Don Harbet maisuaren eskutik. Bertan egindako lanak Kopenhagera eraman zuen ondoren, eta bueltan, iaz, Atelier litografia tailerra sortu zuen Lizarran. Abenduan hasi ziren lanean, eta datorren astean eskainiko dute hurrengo tailerra.
Artistekin topaketak, tailerrak eta proiektu pedagogikoak uztartzen ditu Atelierren Rifaterrak, eta haren obra ikusi nahi izanez gero, rifaterra.com ataria du sarean.