Zalduako aztarnategi arkeologikoan egindako lehen indusketak 2012. urteko miaketa-zuloak izan ziren. Zundaketa horiek 2011ko miliarioen aurkikuntzaren ostean egin ziren, balizko aztarnak egon zitezkeen galtzada erromatarraren ibilbidearen inguruko hainbat gunetan.
2013. urtean Aranzadi Zientzia Elkarteak Museum of London Archaeology (MOLA)-rekin hitzarmen bat sinatu zuen eta harrezkeroztik bi erakundeek elkarlanean zuzentzen dituzte indusketa kanpainak. Horri esker, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta boluntario taldeak elkarlanean aritzen dira Londresetik etorritako teknikariekin.
2015az geroztik, urtero antolatu dira bi edo hiru asteko indusketa kanpainak, nagusiki uztailean. 2017. urtean hasi ziren hirigunearen erdiko indusketak galtzada eta haren ertzeko beste bi eraikinetan. Ordutik terma gunetzat identifikatutako eraikineko indusketek ez dute etenik izan, 800 metro koadro inguruko hedadura duen konplexu handia da eta kokaguneko eraikin garrantzitsu bati dagokio, erdigunean egoteaz gain haren eraikuntza materialak eta teknikak kalitate handikoak baitira.
Horretaz gain, gela edo gune batzuetan berokuntza sistema edo hypocaustum egituraren zatiak dokumentatu izan dira. Aurten horietan ari dira lanean.
Multzo arkeologiko hori Iturissa hiri zaharrarekin lotu izan da. Baina antzinako iturri idatzietako erreferentziak urriak dira, eta oraindik ez dute hipotesia baieztatzeko frogarik topatu.