Ostiral eguerdian abiatuko dira Iker Gomez eta Iraitz Uriarte leitzarrak, Linzatik. 150 bat kilometro eginen dituzte, 6.000 metroko desnibela eta 24 ordu baino gehiago korrika. Ostiralean igoko dute Hiru Erregeen Mahaia eta Aezkoa, Erroibar, Esteribar eta Baztan zeharkatuta larunbat gauean iritsiko dira Leitzara. EH Mendi Erronka bertan behera geratu zenean erabaki zuten erronkan murgiltzea.
Eginen duten kirol jardueratik harago doa, dena den, proiektua: erronka solidario bihurtu dute, eta behar bereziak dituztenei bizitza errazteko ekarpenak egiteko eta herritarrengan sentsibilizazioa areagotzeko kanpaina abiatu dute. Egun sei familiek osatzen dute LHL erronka. Elkartasuna, auzokideen arteko talde-lanaren garrantzia eta bizikidetza landu dituzte. Auzo-sare bat sortu dute, erronka solidarioaren zentzua urratsez urrats ehuntzen duena eta helburu zehatzak dituena: mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak, haur-parkeak egokitzea, saltokietan piktogramak jartzea.