Oskarbi Argitaletxea sortu du Skabidean taldeak

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 22a, 11:26

Kultura aktibismoa egitea du helburu eta  musika, literatura eta ilustrazioa  lantzeari ekinen diote. Igandean jarriko dute salgai izen bereko aldizkariaren lehen alea eta urte amaierarako disko berria eta Yemengo gazte baten inguruko liburu-fanzine bat  argitaratzeko asmoa dute.

32 orrialdetako paperezko aldizkaria da Oskarbi Argitaletxearen lehen emaitza. Igande honetatik aurrera salgai jarriko dute Iruñeko Herriko Tabernan bi euroan eta posiblea izanen da urte osoko bazkidetza egitea 24 euroan, urteko sei aldizkariak etxean jasotzeko.  Lehen zenbaki honetan Galtzagorriak, Zetak eta Roba Estesak taldeak, Herri Gogoa disketxea eta kaseteen inguruko erreportaia daude irakurgaien artean. Hauetaz gain Ion Zelestinori egindako elkarrizketa edota Tasioren komikia ere aurkituko ditugu.

 

Antonio Iriarte, zuzendaria eta Nicolas Leonardo erredaktorea Metropoli Foralean izan ditugu: “Oskarbi Argitaletxea 2021. urtean jaio da, kultura gaztediaren baitan erabateko apaltasunez astinarazteko asmoz. Horretarako, kulturaren oinarrizko zutabeak, alegia, musika, literatura eta ilustrazioa, lantzeari ekinen diogu. Musikaren alorrean taldeekin elkarlanean arituko gara, haien proiektuak kudeatu eta babesteko. Musikari gisa musika-giroan izan dugun esperientzia laburrean zehar eskuraturiko tresnak eskainiz lagunduko diegu eta, aldi berean, baita egun horren lehiakorra den industria baten baitan haien lanak argitara ditzaten lagunduko ere. Literaturari dagokionez, geure ahalegin eta ilusio osoak jarriko ditugu gaurkotasun handieneko istorioak argitaratzeko. Halaber, ahaleginik handiena eginen dugu jende gaztearen liburuak argitaratzeko, maiz industria horretan espaziorik gabe geratzen gara eta. Ilustrazioa musika zein literaturaren bidaide banaezina izanen da, gure ilustratzaileen esku hobe ezinek zuzenduriko bidaian zehar. Beraz, Oskarbi Argitaletxea edizioaren munduan bide laburra egina duen lagun-talde batek osatu duen elkartea da, kulturaren inguruko inongo aurreiritzirik gabekoa, kultura aktibismoa helburu duena eta bere ahaleginik handiena jarriko duena hainbat arlotan duenesperientzia falta konpentsatzeko.”

Idazleak: Iñigo Garatea, Antonio Iriarte, Nikolas Leonardo, Iñigo Martinez · Ilustrazioak: Andoni Egurza, Jon Gesta, Tasio López de Guereñu · Kolaboratzaileak: Ion Celestino, Andon Ellis · Maketazioa: Jon Gesta · Zuzenketa eta itzulpen laguntza: Maider Arocena eta Julen Bernaldo · Imprimazioa: Printhaus · Iruñean, 2021eko Maiatzean.

 

Skabideanek laster 10 urte

Skabidean 2012an Iruñerrian sorturiko ska, reggae eta rocksteady taldea da. Egun 11 musikarik osatzen dute eta dagoeneko taldeak 200 kontzertu baino gehiago eman ditu euskal geografiaren bazter guztietan zehar.

Taldeak doinu karibetarrak Euskal Herriratzen ditu, jamaikako doinu sinkopatuak, hain zuzen. Hala ere, taldea ez da jamaikar garbizalekeriarekin mugatzen, eta skaz, reggaeaz eta rocksteadyaz haratago, boogiea edo funkya bezalako estiloak lantzen saiatzen da, beti ere jamaikar musikak berezkoa duen erritmo sinkopatu bereizgarria mantenduz. Gainera, taldeak euskaraz egiten du bere abestien gehiengoa, baina hainbat abesti eta errepika grabatu ditu ingeleraz, baita bi gazteleraz ere.

Egun, taldea 11 kidez osaturik dago: gizonezko abeslari bat, 3 emakumezko abeslari (The Black Birds), baxujolea, kitarrajolea, bateriajolea, teklatujolea eta 3 haizezko (tronboijolea, tronpetajolea eta saxofoijolea). 

Dagoeneko taldeak 5 lan argitaratu ditu: Maketa (2015), Skabidean (2017), Bideak Darrai (2018), Maravillas Sozial Club (2018) eta Izaera (2020). 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!