Azken aldian Valle de Odietako behitegi handia gaurkotausnaren lehen lerroan dago. Caparrosoko eremuan dagoen ustiategiak, 3.400 esne behi izateko baimena izan du, baina hori baino behi gehiago ditu; Eta 2023rako 7.200 behi izatera heldu nahi du. Gobernuak handitzeko baimena eman behar izan dio, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek bertan behera utzi baitzuen animalien segurtasunerako foru dekretua; eta dekretuak ezartzen zuena lege bidez ezarri nahi dute orain. Hori izango da enpresari mugak jartzeko bidetako bat, eta bestea, inspekzioak zorroztea. Hala azaladu du Itziar Gomez Landa garapen eta ingurumen kontseilariak.
Bestetik, etxaldea abiatu zenean, Nafarroan 265 esne ekoizle zeuden; egun, 141 dira. Kontseilariak kezkagarritzat jo du datu hori, eta administrazioari nekazaritza eredu txikia, bultzatzea dagokiola onartu du. Era berean, behitegiarekin batera biometanizazio planta dute, materia organikoaren bidez biogasa eratzeko, eta Nafarroako zein kanpoko enpresen materia organikoa ere hartzen dute; baina isurketa kutsakorrak egin dituzte Aragoi ibaira. Haren aurkako 19 zigor espediente ezarri dituzte, eta epaitegira ere eraman dute behitegia, Gomezek gogora ekarri duen moduan.
Ingurumenari lotutako beste afera bat, parke eolikoena da. Sacyr enpresak bost eraiki nahi ditu Iruñerrian, eta Haize Berriak plataformak salatu du ingurumenean eragin handia izango dutela. Kontseilariak, zehaztu du aurreproiektu horietatik bi soilik onartu dituela tramitera; murrizketa nabarmena izan dela.
Azkenik, Klima Aldaketaren eta Energia Trantsizioaren Legea lantzen ari da gobernua; azken urratsak ematen, eta gogoratu duenez, aurreko gobernu saioan aurreproiektua Nafarroako Kontseiluari aurkeztu zioten, hark nahitaezko irizpena eman dezan