Kide errepresaliatuei omenaldia egin dien lehen taldea da Osasuna

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 21a, 13:12

1936ko kolpean errepresaliaturiko Osasunako kideei omenaldi ofiziala egin die gaur Nafarroako Gobernuak, Osasunaren Memoriaren elkartearekin batera, eta Osasunako zuzendaritzaren parte hartzearekin. Urteetako utzikeria aitortu du Luis Salbalza presidenteak.

Osasuna lehena da; ez, sailkapenean, baizik eta memoria historikoan. Lehena, euskal taldeen artean, baita Ligako guztien artean ere, errepresio frankista pairatu zuten fundatzaileei, zuzendaritzako kideei eta jokalariei omenaldia egiten. Orain arte bazterturik izan dira, eta horregatik barkamena eskatu die biktimen senideei Osasunaren egungo presidente Luis Sabalzak. Sabalzaren bide beretik jo dute egungo kapitain Oier Sanjurjok eta Ana Ollo Herritarrekiko harremanetarako Nafarroako Gobernuko kontseilariak. 

Senideek eskerrak eman dizkiete Osasunari, Nafarroako Gobernuari, eta, batez ere, fusilaturiko haien senideen historia berreskuratu duten Osasunaren Memoria elkarteko kide Mikel Huarteri. 

Ramon Bengarai Osasunako presidentea izan zen, baita Izquierda Republicanako burua ere eta Paristik Iruñera etorri den haren biloba Maite guztiz hunkiturik mintzatu da. Bengarai Iruñeko Orfeoiaren burua ere izan zen. Eta Orfeoiak jarri dio musika gaurko ekitaldiari. Errepresaliatuen senideei hainbat oroigarri eman dizkiete. Tartean, 36ko futbol baloien erreplikak.

Osasunaren Memoria elkartearen sortzaile, Rojos liburuaren egile eta Ramon Bengarairen biografiaren bultzatzaile Mikel Huartek oso pozik azaldu da gaurko omenaldiarekin.Baina gaineratu du, futbolaren munduan, egiazko omenaldia beste bat izanen litzatekeela: ohorezko sakea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!