Nafarroak AstraZeneca txertoa jartzeari utzi dio, behin-behinean

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 16a, 09:46

700 pertsona zeuden deituak dosia jasotzera, baina bertan behera utzi dituzte hitzorduak, “zuhurtziaz”. Foru Erkidegoan ez da txerto horren ondorio larririk atzeman. 

Nafarroak, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarekin eta gainerako erkidegoekin bat etorriz, AstraZeneca enpresaren txertoa bi astez bertan behera utzi du, kautelaz, "zuhurtzia" printzipioan oinarrituta, eta Sendagaien Europako Agentziaren azterketaren zain dago.

Foru Gobernuak jakitera eman duenez, Nafarroan ez da koagulazioaren arazoen ondorioz sortutako ondorio tronbotiko kaltegarririk atzeman. Foru Erkidegoan txertoaren dosi erabilgarriak geldiarazi dituzte dagoeneko, eta astean zehar laborategi horretako dosiak jaso behar zituzten 700 pertsonaren hitzorduak bertan behera utzi dituzte.

Efektu hori hainbat herrialdetan antzeman da, eta Espainian kasu bat egon da. Buruko tronbosi benosoak dira, odoleko plaketa kopurua murriztearekin lotuta daudenak, eta horrek, Osasun Ministerioak azaldu duenez, horrek erakusten du balitekeela koagulazio sistemaren aktibazio anormal bat izatea, garuneko zainen buxadura hori ekarriko lukeena.

Foru Erkidegoan, otsailaren 8ko astetik gaur arte, AstraZenecaren txertoaren 23.600 dosi jaso dira; horietatik 17.251 inguru jarri dira (%73), eta horiei astelehen honetan iritsitako beste 3.200 gehitu behar zaizkie, dagoeneko geldiarazi dituztenak.

Enpresa horren txertoa Nafarroako txertaketa estrategian jasotako 3c eta 3b taldeen immunizazioan erabili da. Talde horiek bigarren mailako profesional sanitario eta soziosanitario batzuei jartzen ari zitzaien, hala nola fisioterapeutei, podologoei edo logopedei, besteak beste. Halaber, funtsezkotzat jotzen diren kolektibo batzuetako kideei eman zaie txertoa: segurtasun indarretakoak, larrialdietako langileak, irakasleak… guztiak, hori bai 18 eta 55 urte bitartekoak.

Aste honetarako, beste 700 laguni AstraZenecako dosiak  jartzeko asmoa zuten, baina dagoeneko bertan behera uzten ari dira hitzorduak.

Nafarroan, ondorio kaltegarrien jakinarazpenik ez

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, abenduaren 27tik martxoaren 7ra bitartean, ondorioak izan zituzten 809 kasu jakinarazi dituzte Nafarroan, eta horietatik 766 (%95) arinak izan dira. 517 pertsonak Pfizer Comirnatyren txertoa jaso dute, 122k Modernarena eta 170k AstraZenecarena.

Azken txerto horren kasuan, 170 jakinarazpen horietatik, %99 ez-larritzat jo ziren, eta ez da jaso inolako jakinarazpenik administrazioaren kautelazko etetea eragin duten tronbosiekin zerikusia dutenak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!