Espalako Gobernuak AstraZenecako txertoa kautelaz emateko erabakia hartu ostean, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek esan du txertoa "eraginkorra eta segurua" dela, eta "lasaitasuna eta konfiantza" helarazi nahi izan ditu. Indurainek nabarmendu duenez, etenaldia "aldi baterakoa" da, adituak aztertzen ari direlako izandako ondorio larriak zuzenki lotuta ote dauden txertoarekin.
AstraZenecaren txertoa emateko hitzorduak behin-behinean etetearen erabakiak txertaketa egutegian aldaketarik ekarriko ote duen galdetuta, Indurainek gogorarazi du "kautelazko etendura dela, aldi baterako"; "Pertsona batzuk deituak genituen eta atzotik hitzordu horiek kentzen hasi gara, baina aldi baterako atzerapena izango da, adituen iritzia jaso arte".
Ez du aurreratu nahi izan lehen dosia jaso duten pertsonei bigarren dosia jarri ahal izango ote zaien. "Adituen txostenaren zain gaude, eta txosten honek erabaki bat edo beste bat ekarriko du; ez litzateke logikoa izango aurreratzen hastea", adierazi du. "Denbora bat hartuko dugu beste balorazio batzuk egiteko".
Azkenik, aste honetan 80 urtetik gorako herritarrei txertoa ematen jarraituko dutela gaineratu du.